‘Suro’ filmarekin hasiko da Ostarrenaren neguko zineforum zikloa

Juan Luis Romatet 2023ko urtarrilaren 10a

[EGUNERATUTA] Sei film emango ditu Zumaiako zineklubak ostegunean hasi eta martxoaren amaiera bitartean. Zinemaldian aurkeztu eta saritu zuten lanarekin ekingo diote hiruhileko programazioari. 

Gabonetako atsedenaldiaren ondoren, ostegun honetan itzuliko dira zineforum saioak Zumaiara. Ostarrena zineklubak neguko hiruhilekoaren programazioa aurkeztu berri du, eta martxoaren amaiera bitartean sei film ikusteko aukera izango da Aita Mari zinema aretoan. Saioak 19:00etan hasiko dira, azkenaldian bezala.

Neguko zikloarekin hasteko, Mikel Gurrea zinemagile donostiarraren Suro filma emango dute etzi. Vicky Luengo eta Pol Lopez aktore dituen drama honek artelatz basoetan bizitza berri bat eraiki nahi duen bikote baten istorioa kontatzen du. Baina lurrean bizitzeko moduari buruzko ikuspuntu ezberdinak dituztenez, bikotearen etorkizuna kolokan jarriko da.

Filma 2022ko Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zuten, eta lehiaketarako hautagaia izan zen. Harrera ezin hobea izan zuen, eta sariak ere jaso zituen. Hala, sari ofizialaren barruan, Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratu zuen, eta sari paraleloetan, Fipresci eta Euskal gidoi onenaren sariak; azken hori Mikel Gurrearentzat eta Francisco Kosterlitzentzat izan zen, hain justu ere.

Jatorri askotako filmak

Martxoaren amaiera bitartean, hilero bina film emango dituzte zineforum saioetan. Jatorri askotako lanak aukeratu ditu Zumaiako zineklubak, hala nola Hego Koreako, Austriako edo Erresuma Batuko filmak ikusteko aukera izango da Aita Mari zinema aretoan.

Urtarrilaren 26an Carlos Vermut zuzendariaren (Magical girl) azken lana emango da, Manticora. Park Chanwook zuzendari hegokorearraren azken lana emango dute, Decision to leave izenekoa. Iaz zuzendari onenaren saria jaso zuen Cannesen film horri esker.

Otsailaren 9an komedia eta thrillerra uztartzen dituen El menu film estatubatuarra izango da ikusgai, eta hamabost egun geroago, hilaren 23an, Park Chan-wook zuzendari hegokorearraren azken lana emango dute, Decision to leave izenekoa. Iaz zuzendari onenaren saria jaso zuen Cannesen film horri esker.

Martxoaren 9an Sissi pertsonaiaren inguruko La emperatriz rebelde film austriarra ikusteko aukera izango da, eta martxoaren 23an, azkenik, Aftersun lan britainiarra.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide