Gernikan jokaten ari diren Jai Alai Winter Series txapelketako hamargarren jardunaldia jokatu zen atzo. B multzoan erabakita geratu zer bi bikote, zer lau puntista, pasatu diren txapelketako finalerdietara. Hala, Imanol Lopez, Diego Beaskoetxearekin bikotea osatuta, eta Iñaki Osa Goikotxea, Nicolas Etcheto atzeko koadroetan duela, txapelketako finalerdietara sailkatuta daude B multzoko parida bat oraindik jokatzeko dagoela.
Beteranoak gazteen aurka aritu ziren atzo Gernika Jai Alai frontoian. Iñaki Osa Goikoetxea eta Nicolas Etcheto beteranoak batetik, eta Johan Sorozabal eta Julen del Rio gazteak bestetik. Azken hauek partida bai ala bai irabazi behar zuten txapelketan aurrera egin nahi bazuten. Eta gauzak zail jarri bazizkieten ere, beteranoak pasatu dira azkenean txapelketako finalerdietara.
Txapelketa honetan ohikoa gertatzen ari den bezala, harmailek itxura ezin hobeagoa erakutsi zuten atzo ere, eta 1.650 lagun bertaratu ziren Gernika Jai Alai pilotalekura Winter Serieseko hamargarren jardunaldiko partida ikusteko asmoz. Bi hilabete pasatu dira Goikoetxeak eta Etchetok ligaxkako lehen partida irabazi zutenetik, eta tarte hori igarri zen atzoko neurketan. Zumaiarra eta bizkaitarra ez ziren atzo hain eroso sentitu, eta Johanek eta Del Riok estu jarri zizkieten kontuak. Aurretik ere egon ziren gazteak lehen setean, baina 14na berdindu zuten lehenbizi beteranoek, baita azken tantoa egin ere. 15 eta 14 emaitzarekin amaitu zen lehen seta Goikoetxeak eta Etchetok.
Johan eta Del Rio ez zeuden, baina, partida oparitzeko asmoarekin, eta 12 eta 15 emaitzarekin poltsikoratu zuten bigarren seta. Bost tantoko set laburrean erabaki zen partida, eta hor Goikoetxeak eta Etchetok nagusitasuna erakutsi zuten, 5 eta 1 emaitzarekin seta eta, ondorioz, partida irabaziz.
Hala, Iñaki Osa Goikoetxea eta Nicolas Etcheto, hau partida bat oraindik jokatzeke dutela, eta Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopez Winter Serieseko finalerdietan izango dira, B multzoko lehen bi sailkatu gisa.