Hiru talderekin parte hartuko du Kbik Gipuzkoako xake ligan

Juan Luis Romatet 2023ko urtarrilaren 11

Xake klubeko bi jokalari Gabonen bueltan Kabi tabernan jokatutako finalean. (Juan Luis Romatet)

Datorren asteburuan abiatuko da Gipuzkoako xake liga. Zumaiako Kbi xake klubak hiru talde aurkeztuko ditu aurten, iaz baino bat gehiago. 

Hastear da Gipuzkoako xake liga; datorren asteburuan jokatuko dira lehen partidak eta Kbi klubeko lagunak ere martxan jarriko dira. Zumaiako xake klubak hiru talde aurkeztuko ditu aurtengo ligara, iaz baino bat gehiago. Lehen taldea bigarren mailan arituko da, eta beste biak hirugarrengoan. Guztira, 22 fitxa egin ditu Kbik aurten.

Bigarren mailan arituko den A taldeak Bergaran izango ditu partidak datorren larunbatean. B eta C taldeak, aldiz, elkarren aurka arituko dira, larunbatean, baita ere, Zumaian bertan.

Klubeko presidente Aitor Sarasketak adierazi duenez, helburu desberdinak dituzte talde hauek. "Bigarren mailako ekipoaren helburua igotzea da, besteena, disfrutatzea eta gazteek esperientzia hartzea". Izan ere, hirugarren mailan ariko den talde bat haur eta gaztetxoez osatutakoa izango da. "Haur hauetako batzuk dagoeneko 11 urte dituzte eta aukera bat ematea pentsatu dugu", gaineratu du Sarasketak. "Hala, klubeko harrobia indartu nahi dugu".

Ligan eta txapelketetan parte hartzeaz gain, xake eskolak ere ematen ditu Kbik Gurrutxaga plazako gizarte zentroan duen lokalean, eta haur askok eman dute izena. Eskola horretako emaitza da aurtengo ligan aterako den haurrez eta gaztetxoez osatutako taldea. "Ez dakit lan ona egiten ari garen, ahal duguna egiten dugu, behintzat, baina polita da umeak xakean jokatzen ikustea".

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide