Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten udalerrietan aurki daitezkeen hegaztien iguruko argazki erakusketa zabalduko dute bihar Zumaiako Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan. Imanol Manterola eta Oliver Perez argazkilari zumaiarrek hartutako irudiekin osatutako bilduma izango da ikusgai erakusketa areto horretan ekainaren amaierara bitartean. 40 argazkiz osatzen den erakusketa hori aurrez Mutrikun erakutsi dute.
Erakusketa ibiltari horrek (Zumaian egon ondoren Legazpira eta Zizurkilera eramango dute) geldialdi bat proposatzen duela azaldu dute antolatzaileek: "Lasaitasun pixka bat hartuz ingurura begiratzeko eta gertu dugun horretan arreta jartzeko aukera da. Pausaldi bat baino ez digu eskatzen: adarren artean, geure begien aurrean, airea zeharkatzen duenari, basoa zein gure etxetik hurbil dagoen parkea kolorez betetzen duenari begiratzeko. Izan ere, argazkietako txoriak ez dira apartekoak, oso ohikoak dira gure inguruan".
Berrogei argazki, eta beste hainbeste hegazti. Deba, Mutriku eta Zumaiako inguruetan ikus daitezkeen hegaztiak dira bildumako protagonistak. Hala, erakusketa bisitatuko dutenek ahate mokozabala, txirri iluna, kaskabeltz txikia, amilotx mottoduna, ur-zozoa nahiz tarina bezalako hegaztien irudiak ikusi ahal izango dituzte.
Erakusketa urtarrilaren 29ra arte egongo da ikusgai, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetan eguerdietan ere zabalik izango da, 12:30etik 14:00etara. Sarrera doan izango da.
