Zumaiako Emakumeon* Etxeak urtarriletik ekainera bitarteko egitaraua jasotzen duen liburuxka plazaratu berri du. Batukadak, noka ikastaroa edota informatika ikastaroak antolatu ditu datozen sei hilabeterako. Izen ematea urtarrilaren 16an zabalduko du.
Egitarau honekin "bere helburuak betetzen" jarraitu nahi duela iragarri dute Emakumeon* Etxeko kideek: "etxe propio bat izatea ikasteko; sareak sortzeko; aholkularitza jasotzeko; indarkeria matxistarik gabeko elkarbizitza sustatzeko; emakumeon* ahalduntzea eta partaidetza lantzeko; ikuspegi feministatik eztabaida, gogoeta eta aldaketa pizteko".
Jabetze eskola
Emakume basatiak
Urtarrilaren 16an hasita Maider Gastesi Mendizabalen eskutik. Astelehenetan, 10:00etatik 11:30era, euskaraz.
Mujeres que corren con lobos liburua oinarri hartuta, sei saiotan emakume izatea aztertuko dute. "Barne bidai honetan, gizarteak inposatu dizkigun rol zurrun eta mingarri horiek eraldatzeko bideari ekingo diogu, norbere desio, behar, iritzi eta bizipenak indartuz, sendatuz eta horrela azkenik, 'emakume basati' hori azaleratzea lortzea bilatuz".
Batukada feminista
Ainara Sarasketa Alberdi eta Arantza Albizu Escobarren eskutik. Asteartetan (bi astean behin), 18:00etatik 20:00etara.
Ikastaroaren helburuak emakumeen arteko "harremanak eta elkartasuna sustatzea, musikaz gozatu eta gozaraztea, eta irudimena eta sormena garatzea dira, besteak beste". Horrez gain, "autogarapena eta taldekako jabetzea bultzatzea, emakumeok kulturan dugun parte hartzea indartzea, eta emakumeok nahiz feministok ikusiak eta entzunak izatea esparru publikoan".
Txalaparta ikastaroa
Nagore Etxabe Etxaberen eskutik. Astartetan (bi astean behin), 17:30ean edo 18:30ean, mailaren arabera.
Nokalagun
AEKko irakaslearen eskutik. Ostiraletan (bi astean behin), 18:00etan, euskaraz.
AEK-ko irakasle baten gidaritzapean noka praktikatzeko aukera izango da. Noka berreskuratu asmoz, mintzalagun taldea osatzea da helburua.
Abdominalak egin arriskurik gabe
Eneritz Gallastegi Lazkanoren eskutik. Astelehenetan, 18:00etan. Elebiduna.
Zoru pelbikoan presiorik eragin gabe abdominalak lantzeko ikastaroa. "Mugimendu horietan gihar abdominalak indartzeaz gain, haiek luzatu eta lasaituko dira. Abdominal horiek modu eraginkorrean erantzun dezaten eta zoru pelbiko zein pareta abdominalean kalterik sortu ez dezaten sustatuko dugu".
Adinkeriak ez ditzala gure ametsak ezabatu!
Kontxi Lopez Soriaren eskutik. Asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara. Gaztelaniaz.
Adinkeria diskriminazio arazo bat da, eta adinagatik pertsona batenganako estereotipo edo aurreiritziei egiten die erreferentzia. "Gizartea sailkatzeko eta zatitzeko adina erabiltzen duten gizarteetan hezi gara. Beraz, tailer hau, egunero erabiltzen ditugun estereotipo horiek zalantzan jarri nahi dituzten emakumeentzat tresna aproposa izango da".
Gure plazak hartu
Aran Erasun Urtzelaietaren eskutik, asteazkenetan, 17:30etik 19:30era. Euskaraz.
"Komunikazioan trebatzeko elkar ikasketa eremua sortuko dugu, bizitzan eta lanean ditugun 'plazak' hartzeko bidea eginez. Geure gorputzetik hasita, 'publiko' ditugun plaza horietara guztietara begira ariko gara, konfiantza giroan. Geure ahotsa hartzea, geure lekua hartzea baita, besteak beste. Horretarako norbere estilo komunikatiboa bereizi, eta komunikazio jarduera barne konfiantza indartzeko bidetik trebatuko dugu, elkarrengandik ikasiz".
Hariz ari
Maddi Uranga Aizpuruaren eskutik. Ostegunetan, 18:00etan. Euskaraz.
Joskintzak dena batzeko, mozteko, korapilatzeko eta askatzeko ematen duen aukerari helduko zaio, oihal eta hari artean modu goxo batean diziplina arteko sormen lan bati bide emateko. "Norberaren erretratu baten simulazio moduko bat izango da tailer honetan egiten ahaleginduko garen hori".
Jatorri anitzetako emakume migratuen espazioa
Ana Murciaren eskutik. Astelehenetan (bi astean behin), 17:00etatik 19:00etara. Gaztelaniaz.
Gune hau jatorri ezberdinetako emakume migratuei zuzenduta dago. Berdintasunean eta kultura-aniztasunean oinarritzen den integraziorako gune bat da, eta helburua da partaideen osasun fisiko eta emozionala hobetzea. Horretarako, ahizpatasuna eta elkar-babesa oinarri dituen bizitza indibidual eta komunitarioak sortuko dituzte elkarrekin.
Informatika eta mugikorrarekin laguntza behar duzu?
Kzgunean. Astelehenetan, goizez eta arratsaldez. Elebiduna.
Ordenagailua eta mugikorra zerotik erabiltzen ikasteko tailer ezberdinak antolatu dira KZ gunearekin elkarlanean. Besteak beste, interneten nabigatzen, e-mailak bidaltzen, Google aplikazioak edo bat-bateko mezularitza erabiltzen ikasteko aukera egongo da.
Surfa eta bodyboard
Emakume* surflarien eskutik. Asteartetan eta ostegunetan, 17:30ean.
Surfa eta bodyboarda taldean ikasteko aukera izango dute emakume* surflariek eskainiko duten ikastaro honetan. "Emakumeok* autoezagutzan lan egiteko eta beste emakume* batzuekin partekatzeko balioko digu ikastaroak, gure artean laguntza-sareak, loturak eta esperientziak sortu eta gure ahalduntze fisiko zein emozionala lantzeko".
Abdominalak egin arriskurik gabe (menopausia igarotzen ari diren emakumeei zuzendurik bereziki)
Eneritz Gallastegi Lazkanoren eskutik. Astelehenetan, 18:00etan. Elebiduna.
Zoru pelbikoan presiorik eragin gabe abdominalak landuko dira ikastaroan.
Mendi-irteerak
Iaz hasitako bidea jarraituz, inguruko mendiak elkarrekin ezagutzearen plazera partekatuko dute.
- Urtarrilak 14, larunbata: Eskax-Izu-Artikutza
- Otsailak 11, larunbata: Besabi-Adarra
- Martxoak 11, larunbata: Unanua-Beriain
- Apirilak 29 , larunbata: Arano-Mandoegi-Urepel
- Maiatzak 28, igandea: Minak-Ganbo
- Ekainak 18, igandea: Duru-Aizkorri-Oltza
- Uztailak 8, larunbata: Kurutzebarri-Andarto
Enaren bidea
Uztailaren 21etik 25era
Aurten Pirinioetara joango dira, eta lau eguneko martxa batean Enaren Bidea egingo dute.
Elkarguneak
Banan coffee
Ama bananduentzako saioa. Ostegunetan (hilean behin), 19:00etan.
Tertulia konplizeak, itxitako etaparen ingurukoak elkarbanatu eta aldi berriei atea zabaltzeko. Haurren zaintza zerbitzua eskainiko da aurrez eskatzen bada.
Pala taldea
Asteartero, Herri Eskolako frontoian, 18:00etan.
Korrika taldea
Asteazkenero, 18:30ean.
Emakumeak elkarrekin korrika egitera animatzeko taldea da, emakumeak jarduera fisikoan eta kirol arloan ahalduntzeko helburua duena.
Genealogia
Hilean behin, lehen asteazkenetan, 18:00etan.
Talde honetan biltzen garen emakumeek gure historiaren irakurketa egiten dugu, gure oraina eta iragana aztertuz.
Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko 633 43 27 62 telefono zenbakira deitu daiteke edo info@zumaiakoemakumeonetxea.eus posta elektronikoko helbidera idatzi.