Kaleko katuen inguruko elkartea sortu nahi dute Zumaian

Juan Luis Romatet 2023ko urtarrilaren 11

Kaleko katuek sortzen dituzten arazoez jabedun, herritar talde batek elkartea sortzea du helburu, inguruko beste herri batzuetan egin bezala, arazo honi heltzeko. Horren inguruko bilera egingo dute gaur 18:45ean Alondegiko Moila aretoan.

Kaleko katuek eta hauek sortu ditzaketen arazoek eramanda, elkarte bat sortzeko asmoa erakutsi dute herriko hainbat lagunek. Hala, bilera bat egingo dute gaur arratsaldean Alondegiko Moila aretoan, 18:45ean. 

Bilera iragartzeko oharrean jaso dutenez, Zumaiako kaleetan gero eta katu gehiago dute. "Zabor bilketa metodoa (txartela) dela medio, [katu] hauen egoera gero eta tamalgarriagoa da. Belaunaldia daramatzate ehizatu gabe, eta ehizatu nahi izanez gero, animaliatxo gutxiago daude gure inguruan horretarako".

Gaineratu dute "animalien babeserako irten den lege berriaren arabera", udala egin beharko litzatekeela horien kargu. Lan erraza ez dela onartzen dute eta, laguntzeko bidean, elkarte bat sortzeko borondatea erakutsi dute.

Beraien helburua garbia dela diote: "katakumeak kaleetatik atera beraientzako etxeak bilatuz, arazoak dituzten edo sortzen dituzten koloniak toki seguru batera mugitu eta CER (harrapatu, esterilizatu, askatu) metodologia erabiltzea katu helduekin. Azken puntu onetarako, katuek post operatorioa pasatu ahal izateko udalari lokal bat eskatzea gustatuko litzaiguke". Herritar hauek uste dute helburu horiek betez gero, onurak ekarriko lizkietela "bai katuei eta baita herritarrei ere", besteak beste, kale katuen kopuruaren murrizketa eta hauen kokapenaren kontrolatu ahalko litzatekeelako". 

Beste herri batzuetan antzerako egitasmoak martxan jarri direla azaldu dute, hala nola, Zestoan, Azpeitian, Azkoitian edota Deban.

Horren guztiaren inguruan hitz egiteko bilera egingo dute gaur, 18:45ean, Alondegiko Moila gelan. Animaliak gustuko dituzten lagunak gonbidatu nahi dituzte bilerara. "Elkartea sortzen laguntzeko boluntarioak eta katakumeak, betirako etxea bilatu bitartean, beraien etxeetan edukitzeko prest dauden lagunak behar ditugu".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide