"Txikitako ametsa betetzen ari naiz: onenekin jokatzea"

Julen Etxeberria/Berria 2023ko urtarrilaren 12a

Lehenengoz jokatuko du Kauldi Odriozolak munduko eskubaloi txapelketa. (J.L. Recio - RFEBM)

Munduko eskubaloi txapelketa lehenengoz jokatuko du Kauldi Odriozola zumaiarrak. Espainiako selekzioarekin arituko da gaurtik aurrera Polonian eta Suedian antolatu duten txapelketan. Haurretiko faseko partida izango du gaur Espainiak Montenegroren aurka (20:30, Teledeporte).

Krakovian (Polonia) jokatuko du Espainiak lehen fase hau, baita bigarrena ere, beti ere sailkatzen bada. Handik erantzun du Berria egunkariak egindako elkarrizketa.

Iaz, lehen aldiz Europako Txapelketa jokatuta ekin zenion urteari; aurten, berriz, lehen aldiz ariko zara Munduko Txapelketan. Ohitzen ari zara?

Bai, eta oso pozik nago halako aukerak izateagatik. Sekulakoa da halako txapelketa handiak jokatzea. Gainera, iazkoaren aldean, itxura du gehiago jokatuko dudala. Iaz, Ferran [Sole], Aleix [Gomez] eta hirurok ginen eskuin hegalean jokatzeko, eta gutxi jokatu nuen. Aurten, ordea, Aleix lesionatuta dago, eta, hori dela eta, beste egiteko bat izango dut taldean.

Iaz oso gutxi jokatu zenuen: zortzi partidetatik bakarra. Espainiak zilarra irabazi zuen. Horren gutxi jokatuta ere, domina zurea ere bazela sentitu zenuen?

Bai, noski. Nahiz eta gutxi jokatu, haiekin egon nintzen, haiekin entrenatu nintzen; beste bat gehiago izan nintzen. Niretzat, oso garrantzitsua da bai iaz, bai orain, onenekin jokatzea; txikitako ametsa betetzen ari naiz; oso zoriontsua naiz. Oso zaila da, eta, horregatik, gutxiago edo gehiago jokatu, balio handia ematen diot.

Egitekoa aldatuko zaizula esan duzu. Baita ardura ere?

Gehiago jokatzen badut, ardura handiagoa izango dut. Baina, orain arte, antzeko denbora ari gara jokatzen jokalari guztiok. Hala ari gara Ferran eta biok ere. Jokatu dudanean, gustura aritu naiz, konfiantzaz. Horregatik, txapelketa hasteko gogoz nago.

Zer itxura hartzen diozu txapelketari?

Oso gogorra eta estua izango da; sekulako maila dago. Danimarka, Frantzia, Espainia, Alemania, Islandia, Suedia... urtero lehian aritzen diren selekzio indartsu asko daude.

Hemen irakurri daiteke elkarrizketa bere osotasunean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide