Gernika parkean, Correos parean zeuden zuhaitz batzuk moztu ditu aste hasieran Zumaiako Udalak. Asteartean kendu zituzten ustekabean, eta horrek zurrumurru ugari sortu ditu herritar batzuen artean. Udalarekin harremanetan jarri da Baleike mozketa horren inguruko xehetasunak jasotzeko.
"Porte handiko" ezkiak izan dira moztutako zuhaitzak, eta udalaren esanetan, eremu urbano baterako "halako porte handiko zuhaitzak" ez ziren egokiak. "Horrez gain, hor behean garajeak daude. Zuhaitz horien zainek edo sustraiek garajeetan kalteak eragin dituzte azken urteotan: ura sartzea, pitzadurak eta bestelakoak". Arazo horiei irtenbidea emateko kendu omen dituzte zuhaitzak, tarteka: zuhaitz bat kendu dute eta bestea ez.
Zutik dauden ezkiak kimatu eta kendutakoen lekuan beste zuhaitz batzuk landatuko dituztela ere gaineratu du udalak, porte txikiagoak eta aurrekoak baino bi metro aurrerago, "garajeetan egon daitezkeen kalteak saihesteko. Gainera, porte txikiagoko zuhaitz hauek egokiagoak dira halako hiri-inguruneetako, eta Gernika parkean itzala emango dute".
Kendutako ezkiak beste leku batera mugitu ez izanaren azalpenak ere eman ditu udalak: "oso sustrai handiak eta sakabanatuak dituztelako, eta elkarren artean lotuta zeudelako. Bat kenduta eta beste ez, ondoko zuhaitza kaltetzeko arrisku gehiago egongo litzateke. Gainera, beste leku batean landatuta ere bizirik jarraitzeko zailtasunak edukiko lituztekete arbolek".