Munduko eskubaloi txapelketa batean debuta egin zuen atzo Kauldi Odriozola zumaiarrak, Espainiako selekzioak Montenegroren aurka jokatutako partidan, hain zuzen. Krakovian jokatu zen Suedia eta Polonia artean antolatu duten munduko txapelketako honetako haurretiko faseko partida eta Jordi Riberak zuzentzen duen taldeak lanak izan zituen Balkanetako taldeari irabazteko.
Odriozola ez zen hasierako zazpikoan aritu; lehen zatiaren erdialdera kantxaratu zuen Riberak Nanteseko jokalaria. Montenegro min egiten ari zen erasoan, eta Espainiako selekzioa ez zen gain haren erasoa geratzeko. Defentsa gogortzea erabaki zuen hautatzaileak, eta Kauldi atera zuen, aurreratu bezala aritzeko. Hortik aurrera deserosoago aritu zen Montenegro eta Espainiako selekzioa aurretik jarri zen markagailuan. Lehen zatia 15-12 emaitzarekin amaitu zen Espainiaren alde. Bigarrengoan hortzak estutu zuten balkandarrek, baina ez zuten markagailua iraultzerik izan, eta partida 30-25 emaitzarekin amaitu zen Espainiaren alde.
Defentsan bakarrik ez, erasoan ere aritu zen Odriozola eta bera izan zen Espainiako selekzioko goleatzaile nagusia, sei golekin, horietatik hiru penaltiz.
Larunbatean jokatuko du Espainiako selekzioak munduko txapelketako bigarren partida. Txile izango du aurkari (20:30, Teledeporte) haurretiko faseko neurketa honetan.