Susperraldi motela zineman

Maria Maya Manterola-Gipuzkoako Hitza 2023ko urtarrilaren 15a

Andoni Garaizar, Aita Mari aretoko kudeatzailea. (Maria Maya Manterola)

Zinema aretoek publikoaren %43 galdu dute 2019tik, EZAE zinema areto pribatuak biltzen dituen elkartearen datuen arabera. Antzeko joera dute eskumen publikoko aretoek ere. Herenegun, ostirala, artikulu hau argitaratu zuen Gipuzkoako Hitza astekariak.

Urtea hastearekin batera egin du iazkoaren balantzea EZAE Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zinema areto pribatuak biltzen dituen elkarteak: iaz hiru probintzietako aretoak indarra berreskuratzen hasi ziren arren, diru sarreren %40 eta publikoaren %43 galdu dituzte pandemia aurreko urtearekin alderatuta; 2019arekin alderatuta, alegia.

“Susperraldi motel baten hasiera” izan daitekeela uste du EZAEk, baina baita sektoreak, “ezinbestean”, laguntza ildo iraunkorrak beharko dituela ere. Elkarteak ohar bidez jakinarazitakoaren arabera, Gipuzkoaren kasuan diru bilketa %37 murriztu da, eta ikusle kopurua, %40.

Datuok joera bera dute eskumen publikoko aretoetan ere. Hala baieztatu du Bergarako, Elgoibarko eta Zumaiako zinema aretoak kudeatzen dituen Aisilaneko kide Andoni Garaizarrek. EZAEko kide diren zinema aretoak ez bezala, udalek ateratzen dituzten pleguetan proposamenak aurkeztu eta hautatuak izanez gero eskaintzen dute zerbitzua. Beraz, sarrera gutxiago saldu arren markoa “desberdina” dela egin du azpimarra Garaizarrek: “Ekonomikoki bideragarriak izan behar dugu, baina zerbitzu publikoarekin lotura handiagoa izan nahi dugu”. Izan ere, zinema areto pribatuen aldean, “sarrerak saltze hutsa baino gehiago” eskaini nahi dute.

Aisilan hautatzen duten lehiaketek irizpide batzuk izaten dituzte aintzat. Garaizarrek adibidetzat jarri ditu urtean film kopuru jakin bat euskaraz eskaintzea, amerikarrak ez izatea, edota gazteria eta generoa jorratzen dituztenak izatea. “Udalek halako sentsibilitate bat dutenean edo halako bideak hartzen dituztenean aurkezten gara gu. Gure esparrua ez da esplotazio hutsa”, argitu du Garaizarrek.

Irakurri artikulua osorik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide