Sahararen aldeko janari bilketa egingo du Darahlik datorren astean

Juan Luis Romatet 2023ko urtarrilaren 14a

Darahliko kideak iaz bildutako janari eta bestelako produktuekin. (Darahli)

Saharako errefuxiatuen aldeko janari bilketa egingo du Darahli elkarteak datorren astean Zumaian. Astean zehar ikastetxeetan bilduko da janaria, eta asteburuarekin batera herriko supermerkatu batzuetan. 

Euskal Karabanarekin bat eginda, Zumaiako Darahli elkarteak janari bilketa egingo du datorren astean Zumaian. Bildutako janaria eta bestelako produktuak karabanaren bitartez bidaliko dira Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara. Ekintza honen helburua Tindufeko (Aljeria) kanpaleku hauetan pairatzen duten elikagai falta nolabait asetzea da. 

Janari bilketa bi fasetan egingo da: urtarrilaren 18tik 20ra bitartean Zumaiako ikastetxeetan jasoko dira produktuak, eta datorren larunbatean, hilaren 21ean, Eroski eta BM supermerkatuetan. Darahlik azaldu duenez, bilketa egun horretan goizez egingo da. 

Honako produktuak jasoko dituzteko elkarteko kideek: atun eta sardina latak, azukrea, lekaleak, pasata, dilistak, arroza, konpresak eta kadukatu gabeko sendagaiak.

Elikagai hauek kanpalekuetara eramateak kostu ekonomiko handia duela-eta, aurten dirua ere jasoko dute. Diru horrekin elikagaiak Tinduf bertan erosi ahal izango dira. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide