Ametsarekin jarraitzeko aukera izango du Odriozolak bihartik aurrera

Juan Luis Romatet 2023ko urtarrilaren 17a

Kauldi Odriozola erasoan Iranen aurkako partidan. (@ihf_info)

Polonian eta Suedian jokatzen ari diren munduko eskubaloi txapelketako fase nagusira sailkatu da Espainiako selekzioa aurretiko faseko hiru partidak irabazita. Kauldi Odriozola zumaiarrak sekulako lana egin du orain arte, bere lehen mundialean. 

Espero zen bezala, Espainiako eskubaloi selekzioa fase nagusira sailkatu da Suedian eta Polonian jokatzen ari diren munduko txapelketan. Aurretiko faseko hiru partidak irabazi ondoren –azkena Iranen aurka 22-35 emaitzarekin–, Polonia, Eslovenia eta Frantzia izango ditu aurkari bihar abiatuko den fase nagusian: asteazkenean Polonia izango du aurkari, Eslovenia ostiralean eta Frantzia igandean.

Munduko txapelketan debuta egin duen Kauldi Odriozola jokalari zumaiarrarengan jarritako esperantzak aise betetzen ari dela esan daiteke. Erasoan 13 gol sartu ditu jokatutako hiru partidatan (6 Montenegroren auka, 4 Txileren aurkako partidan eta beste hiru Iranen aurkakoan), baina horrez gain defentsan egindako lana goraipatu dute adituek. 5-1eko defentsan aurretik jarri izan du Jordi Ribera hautatzaileak; aurkariak presionatzen eta baloiaren mugimenduak oztopatzen aritu da Nanteseko jokalaria. 

Aurretiko fasea amaituta, eta lanak ondo eginda, ametsarekin jarraitzeko aukera izango du Odriozolak bihartik aurrera. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide