Erretratua

Erizain soilak baino askoz gehiago

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 22a, 09:00

Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Otezuri adinekoen zentroa zabaldu bezain pronto hasi ziren bertan lanean Iratxe Albizu eta Maite Igual. Urte hauetan guztietan une politak bizi izan dituztela esan dute, baina COVIDak eragindako amesgaiztoaren lekuko zuzenak ere izan dira. Beraien lanaren berri eman diote BALEIKEri. Azaroko aldizkarian argitaratu zen eduki hau.

Txandatan egiten dute lan: bata goizez dagoenean, bestea arratsaldez dago, eta alderantziz. Ez da erraza biak batera aurkitzea beraien jardunaren inguruko bizipenak jasotzeko. Azkenean, Otezuri bertako kafetegiko terrazan jarri dute hitzordua, lantokitik metro bakarrera bada ere, lasai hitz egiteko. 

2009. urtean zabaldu zuten Otezuri adinekoen zentroa Puntanoetan, eta lehen urtetik dira biak egoitzako erizainak: Maite Igual Lazkano (Zumaia, 1982) ateak zabaltzearekin batera hasi zen Otezurin lanean; Iratxe Albizu Florez (Zumaia, 1978), aldiz, urte erdi geroago, haurra izan eta gero. "Aurretik Osakidetzako osasun zentroetan egin nuen lan, baina ondoren gerontologia arloan hasi nintzen lanean, lehenbizi Donostian, eta 2009tik, Zumaian", esan du Igualek. Albizuk, berriz, Nafarroako Unibertsitatean egin zuen lan Zumaiara itzuli aurretik. "Kirofanoko erizaina nintzen Iruñean, baina aldaketa bat izan nuen nire bizitzan, eta hemen bukatu dut. Han, operazioetan, barrutik ikusten nituen pertsonak; orain kanpotik ikusten ditut, beste ikuspuntu erabat desberdin batetik. Eta asko gustatzen zait", azaldu du. Iritzi berekoa da Igual: "Hemen pertsona bere osotasunean ezagutzen duzu".

Adinekoen egoitzetara salto egiterakoan formazio berezirik ez zuten izan. "Esperientziarekin joaten zara ikasten. Zure erremintak dauzkazu, eta haiekin egiten duzu lan. Zerbait progresiboa da. Egia da urteak aurrera doazen neurrian hobeto sentitzen zarela; ikasten joaten zara, eta konturatzen zara oraindik eta erreminta gehiago dituzula". 

Goizeko 8etatik gaueko 10ak arte egiten dute lan erizainek, bi txandatan banatuta. Otezuri ez da zentro soziosanitarioa eta, beraz, gaueko erizaintza zerbitzurik ez dago. "Lanegun bateko lehen ardura gaueko txandan aritu diren laguntzaileekin hitz egitea da, eta gauean gertatutakoaren berri ematen digute. Gero, sendaketen karroa hartzen dugu, eta solairuz solairu joaten gara sendaketak egiten, tentsioa hartzen, indizioak jartzen… Hori bukatutakoan, sendagilearekin egoten gara, eta ematen diogun informazioarekin, badaki zer bisita egin behar dituen. Ondoren, tratamenduekin hasten gara, egunean izango ditugun medikazioak prestatzen, baita hurrengo egunekoak ere. Arratsaldean, berriz, gestio telefonikoak egiten ditugu gehienbat, familiekin hitz egin, etab.", esan dute bi erizainek.

Ikusita zer zeregin dituzten, norbaitek pentsa dezake erizainen lana oso monotonoa dela. Errealitatea, baina, oso bestelakoa dela diote. Egoiliar bakoitzaren arabera, eta dituzten gaixotasunak aintzat hartuta, egun guztiak desberdinak direla azpimarratu dute. "Egunean bertan gauzak zeharo alda daitezke, gainera. Goiza lasai antzera has dezakezu, eta derrepente, norbait aztoratu daiteke, eta harekin solairu guztia nahasi", kontatu dute. "Asteburuetan eta arratsaldeetan, sendagilerik ez dagoenean, denerako egon behar duzu, eta beraiek ezin zaituzte urduri ikusi; hori berehala nabaritzen dute. Nahiz eta barrenean urduri egon, gaizki egon, beraiei erakutsi behar diezu lasai zaudela, egoera kontrolpean duzula. Eta batzuetan kostatzen da, zu ere ez zaudelako egunero berdin". Ondo ezagutzen dute barne borroka hori, askotan, sarritan, egoiliarrekin psikologo lanak ere egitea tokatzen zaie eta beraien lanean.

Lan honetan talde edo ekipo bat izatea ezinbestekoa dela uste dute. "Eta gu ondo konpontzea. Egoera batzuk oso larriak dira, eta gure artean ondo eramaten bagara, dena errazago ateratzen da". Lankide guztiena, baina bereziki, laguntzaileen lana goraipatzen dute. "Haiek egiten duten lana ezinbestekoa da. Lan asko beraien bizkar uzten dugu, solairu bakoitzean beraiek egoten direlako. Beraiek dira, gainera, egoiliarrak hobekien ezagutzen dituztenak".

2020ko udaberrian eztanda egin zuen COVID-19aren izurriteak bete-betean jo zuen gizarte osoa, baita adinekoen egoitzak ere, eta Otezuri ez zen salbuespena izan. "Kaos" hitzarekin laburbildu dute orain bi urteko udaberrian bizi izan zutena, bereziki lehen egunetan. "Ez geneukan ezer. Nondik hasi ere ez genekien. Egun batean protokolo bat heltzen zitzaigun eta, ordubetera, kontrakoa zioen beste mezu bat", gogoratu dute. "Ez genuen denborarik ere. COVIDa zuten egoiliarrak tratatu behar genituen, baina eguneroko beste lanak ere egin behar ziren; COVIDa ez zuten beste egoiliarrek ere gure beharra zuten. Aurrera egin behar izan genuen, aurrera, aurrera. Buruari buelta gehiegi ere ez genizkion eman: gauzak egin behar ziren, eta hala atera genuen guztia aurrera, denon artean".

Egun normal batean laneko ardurak aldagelan uzten saiatzen dira, baina COVIDaren aro ilunean hori ezinezkoa zela azaldu dute. "Ni lanean nengoen, senarra ere bai, eta umea etxean geratzen zen. [Lanaldiko] murrizketa bat edukitzetik %100era pasatu nintzen lanean. Hona etortzen nintzenean pentsatzen nuen umea etxean utzi nuela, eta kezka hori nuen, bai hemen, baita hemendik ateratzen nintzenean ere. Eta beldurra nuen, ez ni kutsatzeko, baina bai nire ingurukoak kutsatzeko. Nik guztiz babestu nahi nituen", esan du Igualek.

Heriotzak ere kolpatu zuen Puntanoetako egoitza. Hamarretik gora egoiliar zendu ziren COVIDak eragindako gaixotasunengatik. Egoera gogorra izan zela diote, baina agian are gogorragoa egin zitzaien gaixoak erietxeetara bideratu behar izan zituztenean, ez zekitelako bueltan etorriko ziren. "Egoera gogorrak ikusi behar izan genituen hor". Bizitzak konfinatu ziren garai hartan, hainbat lagun ateratzen ziren leihoetara zein balkoietara txalo zaparradekin osasungintzako eta larrialdietako langileek egiten zuten lana eskertzeko. Eskertza hori pertsonalki ere sumatu dutela diote bi erizainek. "Familien bultzada handia izan genuen. COVIDa zuten egoiliarren familiekin egunero hitz egiten genuen telefonoz, eguna nola pasatu zuten esateko, eta hor, eskertza mezu pila bat jaso genuen". 

Agian ez da erraza gogoratzea zentro horietan bizi diren egoiliar asko, gehientsuenak, bertan zenduko direla. "Egoiliar batzuk denbora baterako etortzen dira eta gero etxera doaz bueltan, baina beste asko hemen geratzen dira, eta bukaera ere hemen izaten dute. Ospitalera bideratutako batzuk izan ezik, ia gehienak bertan hil dira. Prozesu bat da, eta hor harreman sakonagoa izaten dugu familiekin. Bukaerako orduan ia familiarteko guztiek eskertzen digute egindako lana; emandako zerbitzua eskertzen dute. Eskertza horrek asebetetzen gaitu", diote.

Iratxe Albizu Florez

  • Adina: 44 urte.
  • Ikasketak: Erizaintza Nafarroako Unibertsitatean.
  • Lanbidea: Erizaina.
  • Erizaina ez banintz… Txikitan sendagile forentsea izan nahi nuen. Halako filmak gustatzen zitzaizkidan. Baina, denborarekin, nahiago izan dut biziekin lan egin hildakoekin baino.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Azkenaldian denok elkartzea, buelta bat eman, lasai egon. Konplikatu gabe. 

Maite Igual Lazkano

  • Adina: 40 urte.
  • Ikasketak: Erizaintza Euskal Herriko Unibertsitatean.
  • Lanbidea: Erizaina.
  • Erizaina ez banintz… Osasunarekin zerikusia duen zerbaitetan egingo nuke lan. Ez dut neure burua beste ezertan ikusten.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Egunaren arabera, etxean lasai egotea. Bestela, kalera atera, buelta bat eman, eta familiarekin edo lagunekin zerbait hartzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide