Finalerdiak galduta, orain brontzearen bila

Aritz Mutiozabal 2023ko urtarrilaren 28a

Kauldi Odriozola, Danimarkaren aurkako lehian. (IHF)

23-26ko emaitzarekin gailendu zitzaion Danimarka Espainiari, atzo, Munduko Txapelketako finalerdian. Kauldi Odriozolak eta enparauek domina bat lortzeko aukera izango dute bihar Suediari irabazita. 

Azken txanpara iritsi da Polonian eta Suedian jokatzen ari diren Munduko Eskubaloi Txapelketa, eta titulua Frantzia eta Danimarkaren artean egongo da jokoan. Kauldi Odriozola eta Espainiako selekzioa final nagusiaren atarian geratu dira, atzo arratsaldean Danimarkaren aurka 23-26 galdu ondoren.

Espainiak txapelketan zehar erakutsitako orain arteko joko eskasana kantxaratu zuen, eta hori hasieratik antzeman zen. Daniarrek ez zituzten alferrik galdu aurkariaren gabeziak, eta uneoro aurretik joan ziren markagailuan. Bigarren zatian, ordea, Jordi Riberaren mutilak 20-21era gerturatzea lortu zuten, eta bazirudien partidan sartzea lortu zutela, baina jokalari zumaiarren kanporatzeak hankaz gora utzi zuen Espainia, eta Danimarkak lau gol sartu zituen erreskadan. Azkenean, porrotarekin, finalak ihes egin zien.

Edonola ere, dena ez dago galduta. Hirugarren postua eta brontzezko domina dago oraindik jokoan, eta Suediaren aurka jokatuz erdietsi beharko dute bihar. Partida Teledeporte bidez ikusi ahal izango da zuzenean, 18:00etatik aurrera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide