Giro hezea eta hotza izan da nagusi gaur goizean. Lasterkarientzat baldintza apur bat desatseginak baziren ere, txakurrentzako erabat egokiak. Gehiegizko beroak kalte egiten die abereei, eta goizeko 5 graduko tenperatura ideala izan da Zumaiako XI. Txakurkros Lasterketa inolako arazorik gabe jokatzeko. Antolatzaileek 70 parte hartzaile inguru espero zituzten, eta, azkenean, 65 lagun eta haien txakurrek amaitu dute proba. Horien artean, Olatz Zabala irundarra izan da garaile emakumezkoetan, eta Iñaki Rodriguez santurtziarra, gizonezkoetan.
Gizonezkoen arteko lehia nahiko irekia izan da ia lasterketa osoan zehar. Multzo bat buru jarri da Otezuri paretik abiatu eta Basustarako bidea hartu bezain pronto, eta lehen itzulian elkarrekin zihoanen, orpoz orpo edo segundo gutxiren aldean, Iñaki Rodriguez, Ivan Berastegi, Asier Castrillo, Pedro Etxeberria, Oier Sanchez eta Aitor Portillo. Bigarren itzulia egiterakoan, ordea, hotzak estutu dituzte eta tarteak areagotu dituzte, eta helmugara lehena iristen Rodriguez izan da (29:18), baina metro gutxira izan du Berastegi berangoarra eta segundo batera iritsi da (29:19). Hirugarrena Portillo trapagarandarra izan da (29:28).
Emakumezkoetan, berriz, aise irabazi du proba Olatz Zabalak (32:43). Hasiera-hasieratik jarri da aurretik, eta inork ez dio egin itzalik. Ondorioz, ia bi munutuko errentarekin helmugaratu da Aitzuri parean (32:43). Oihana Goikoetxea izan da bigarren (34:38) eta Oihane Alonso galdakaoarra hirugarren (35:50), eta, izatez, podiuma osatu duten hiru parte-hartzaileek lasterketa hasitako postu berean bukatu dute. Laugarren sailkatu den Oihana Agirre azpeitiarra hirugarren postutik gertu geratu da, Alonsorengandik segundo batera geratu baita (35:51).
Zumaiarren artean, Pedro Etxeberria eta Nagore Gallastegi izan dira bizkorrenak; biak ala biak bosgarren postuan amaitu dute gizonezkoetan (29:35) eta emakumezkoetan (36:49).
Iazko edizioan estreinatu zuten 8.300 metroko distantzia duen zirkuitu bera mantenduko dute aurtengo ere. Hala, Aitzuri frontoi parean izan dituzte irteera eta helmuga; Basustarako bidea hartuta, zirkuituari bi buelta eman behar izan diote, ondoren frontoi parera itzultzeko. Giro bikaina nagusitu da, bai parte hartzaileen artean, bai bertaratu den ikusleen artean ere.