Kauldi Odriozolak brontzezko domina lortu du Munduko Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2023ko urtarrilaren 29a

Kauldi Odriozola domina irabazi berritan bere taldekideekin (IHF)

Espainiak 36-39 irabazi dio Suediari hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko kontsolazio finalean.

Polonia eta Suedian jokatu den Eskubaloiko Munduko Txapelketa gaur bukatuko da Frantzia eta Danimarkaren arteko finalarekin. Aurretik, ordea, kontsolazioko finala jokatu dute Espainiak eta Suediak, bietatik nor podiumera igo eta brontzezko domina jaso erabakitzeko. Partida bizia, lehiakorra eta kontraerasokorra jokatu ostean, Kauldi Odriozolaren taldea izan da garaile 36-39ko emaitzarekin.

Partida hasiera zuzena bezain eroa izan da. Bi taldeak erritmo bizian aritu dira elkarren atea zulatzen etengabe, baina pixkanaka-pixkanaka suediarrak aurretik jarri dira; aurrena bi golen aldearekin, eta lehen zatiaren amaierarako lauko errentarekin. Atsedenaldira 22-18 iritsi dira, Espainia markagailuan atzetik zela.

Lehen zatian, Jordi Ribera hautatzaileak apenas erabili du jokalari zumaiarra; azken minutuetan kantxaratu du gehienbat. Bigarren zatirako taktika aldatu du entrenatzaileak, defentsan oldarkorrago, eta Odriozola jokorako jarri du. Taldeak berehala irauli du markagailua: aurrena berdinketa lortu du, eta gero bi tantoko aldea. Abantaila horri sendo eutsi diote, jokalari suediarren sufrimendurako. Bukaeran, gainera, lau goleko aldea ere lortu dute. 

Azkenean, Stockholmeko eskubaloi kantxan etxekoak garaitzeko balentriarekin, brontzeko dominarekin itzuliko da orain Zumaiara Kauldi Odriozola.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide