Portugaleteko traineru jaitsieran aritu dira Zumaiako ontziak

Juan Luis Romatet 2023ko urtarrilaren 30a

Zumaiako emakumeen trainerua Portugaleteko jaitsieran.

Portugaleteko San Nicolas XI. traineru jaitsiera jokatu zen atzo Ibaizabalen. Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteak bi ontzirekin hartu zuen parte, emakumezkoetan eta gizonezkoetan bana.

Traineru denboraldia hasteko oraindik asko falta bada ere, klubak dagoeneko hasi dira lehen probak egiten. Hala, atzo, igandea, traineru jaitsiera jokatu zen Portugaleten. Beterano eta senior mailako –emakume zein gizon– aritu diren San Nicolas XI. traineru jaitsieran. Telmo Deun arraun elkartea bertan izan zen bi ontzirekin.

Beteranoetan ez zen Zumaiako ordezkaritzarik izan; bai, ordea, senior mailan. Emakumeak izan ziren lehenak ontzia ureteratzen. 4.000 metroko distantzia bete behar izan zuten hauek, eta Zumaia bosgarren izan zen estropada irabazi zuen Donostiarra, Orio, Hondarribia eta Hibaikaren atzetik. Hamabost ontzik parte hartu zuten jaitsiera honetan.

Gizonen txanda izan zen ondoren. Kategoria honetan 21 ontzi lehiatu ziren eta 5.500 metroko distantzia bete behar izan zuten. Zumaia zazpigarren izan zen; Estropada Zierbena A-k irabazi zuen, eta atzetik Donostiarra A, Isuntza, Ondarroa A, Itsasoko Ama eta San Juan A sailkatu ziren.

Batelak Hernanin

Gipuzkoako batel ligako laugarren jardunaldia –berez, bakarra jokatu da, lehenengoa; beste biak bertan behera geratu ziren– jokatu zen larunbatean Pasaiako badian Hernani arraun elkarteak antolatuta. Mailaz maila, hauek izan dira Zumaiako ontziek izandako emaitzak: neska infantiletan, Zumaia A seigarren izan zen; infantil mutiletan, Zumaiako ontzi mistoa zazpigarren izan zen, eta mutilena kanporatua izan zen; neska promesatan, Zumaia A laugarren izan zen, Zumaia B bosgarren eta Zumaia C hamazazpigarren; D ontzia kanporatu egin zuten; promesa mutiletan Zumaia A seigarren izan zen; absoluto mutiletan, Zumaia zazpigarren izan zen. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide