Ez da zumaiarren arteko finalik izango Gernikan

Juan Luis Romatet 2023ko otsailaren 7a

Argazkia: Guk Jai Alai

Gernikan jokatzen ari diren Jai Alai Winter Series txapelketako bigarren finalerdia jokatu zen atzo arratsaldean. Iñaki Osa Goikoetxeak eta Nicolas Etchetok ezin izan zuten finalerako txartela irabazi. Beraz, Imanol Lopez izango da txapelketako azken partidako Zumaiako ordezkari bakarra. 

Otsailaren 19an jokatuko da Gernika Jai Alai frontoian Jai Alai Winter Series zesta-punta txapelketako finala. Atzo jokatu zen bigarren finalerdiaren ondoren erabakita geratu da zer bi bikote kantxaratuko diren txapelaren bila. Beaskoetxea eta Imanol Lopez sailkatuta zeuden lehen finalerdia irabazi ondoren. Atzo Barandika eta Lekerika gehitu zitzaien Goikoetxeari eta Etchetori 2 set eta 1 emaitzarekin irabazi ondoren.

Aurreko jardunaldietan bezala, ia 2.000 lagun bertaratu ziren Gernikako frontoira txapelketako bigarren finalerdia ikustera eta puntisten jokoarekin gozatzera. Adituen arabera, txapelketako partida onena izan zen atzokoa, eta lau pilotariek ere zuten guztia eman zuten. 

Barandika eta Lekerika aurretik jarri ziren (1-4) lehen setaren hasieran, baina atzo gorriz aritu ziren Goikoetxeak eta Etchetok berdintzeko gai izan ziren (4-4). Berdinketak izan ziren lehen fasean (6-6, 7-7), baina hortik aurrera, pilota biziaz baliatuz, urdinek alde egin zuten markagailuan eta 8-15 emaitzarekin irabazi zuten lehen seta. 

Bigarren setean pilota geldoagoa atera zuen Goikoetxeak eta jokoan dominatzen jarri zen. Aldeak, baina, ez ziren handiak: 3-1, 5-3, 7-4, 8-5. 9-9ko berdinketaren ondoren, urdinak aurretik jarri ziren, baita gorriek berdindu ere. Berdinketa gehiago izan ziren markagailuan (12-12, 13-13), baina azken tantoa Goikoetxea eta Etchetorentzako izan zen: 15-14.

Partida erabakiko zuen bost tantoko set laburrean ere berdintasuna mantendu zen, baina amaieran garaipena gernikarrentzako izan zen: 3-5.

Hala, hiru gernikarrek (Barandika, Lekerika eta bere ibilbide profesionaleko azken partida jokatuko zuen Beaskoetxea) eta zumaiar batek jokatuko dute txapelketako finala hilaren 19an. Aurretik, otsailaren 13an, txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Olharan-Basque eta Goikoetxea-Etcheto bikoteek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide