Inauterietako egitarauaren barruan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Urteak bete, abenturak bizi ikuskizuna aurkeztuko dute Zumaian otsailaren 20an. Ohi bezala, bi saio eskainiko dituzte: 15:00etan lehena eta 17:30ean bigarrena, biak ere Zumaienan. Bi emanaldietarako sarrerak gaur jarriko dira salgai.
Aurrez aurreko salmentari lehentasuna emango diote. Hala, gaur bertan 17:00etatik 19:00etara egongo dira salgai Alondegiko Oxford aretoan. Beranduxeago, sarrerakzumaia.eus webgunean 20:00etatik aurrera. Geratzen diren sarrerak otsailaren 9tik aurrera egongo dira eskuragarri turismo bulegoan.
Sarreren prezioa 6 eurokoa izango da pertsonako sei sarrera erosi ahal izango dira gehienez. Urtebete baino gehiago duten haur guztiek sarrera erosi beharko dutela ere iragarri du Udaleko Kultura Sailak.