Keretxudiko baratze parkeko lursailak esleituko ditu udalak

Juan Luis Romatet 2023ko otsailaren 8a

48 lursailez osatzen da baratze parke hau.

Keretxudi baratze parkeak dituen 48 lursailak berriro esleituko ditu udalak. Eskaerak aurkezteko epea datorren astelehenean, otsailaren 13an itxiko da. 

Keretxudi udal baratze parkeko lursail guztiak berriro esleituko ditu udalak. Parke horrek 48 baratze ditu guztira, eta bakoitzak, gutxi gorabehera, 40 m2ko azalera du. Gainontzeko azalerak erabilpen komunitarioa duela azaldu du udalak. Bertan kokatzen dira, esaterako, zerbitzuen eraikina, bideak, ureztatzeko putzuak edota konposta egiteko guneak.

Udalak plazaratutako oharraren arabera, lizentziak prekarioan emango dira. "Lursailaren aprobetxamendua edota erabilera urtebeteko epearekin emango da; epe hori gehienez lau urte arte luzatu daiteke". Erabiltzaile bakoitzak 10,15 euroko tasa ordaindu beharko du hilabetero, baita 101,50 euroko fidantza jarri ere. "Fidantza hori udal-eremu publikoaren erabilera zuzena bermatzeko ezartzen da fidantza, eta lagatzeko epea agortzen denean itzuliko da". Interes taldekoek ordainketarik egin edo fidantzarik jarri beharko ez dutela gaineratu du udalak.

Izan ere, baratze gune honi helburu eta izaera soziala emateko asmoz, 48 baratzetatik %60a interes taldeentzat gordeko du udalak. Interes talde berezitzat jotzen ditu udalak ezaugarri bereziak dituzten kolektiboak, "hala, nola, langabetuak, DBE hartzaileak, desgaitasunen bat dutenak edota guraso bakarreko bizikidetza unitateak". Gainerako partzelak herritarren artean zozkatuko direla esan du udalak, "errentaren arabera".  

Interesa duten zumaiarrek udaletxean egin beharko dute eskaera, otsailaren 13a baino lehen. Eskaera orriarekin batera errenta aitorpena aurkeztu beharko dutela eman dute jakitera. Informazio gehiago hemen eskuratu daiteke.

Nekazaritza jarduera sustatzeaz gain, baratze parkea "ingurumena, ekologia, autokontsumoa edo elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa garatzeko" gunea dela azpimarratu du udalak. "Norberaren barazkiak autokontsumorako eta era ekologikoan egiteko aukera eskaintzen du, eta kalitatezko aisialdi aktiborako topagune ere bada. Gainera, hilabetero Furgobaratzaren bisita izaten da bertan, baratzearekin lotutako formakuntza praktikoa eskaintzeko".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide