Bi ekitaldi iragarri ditu Zumaiako Sortuk Torturaren Aurkako Egunaren harira: elkarretaratzea eta dokumental emanaldia.
Elkarretaratzea datorren astelehenean egingo dute, hilaren 13an, Torturaren Aurkako Egunean bertan.19:00etan da hitzordua, Saregileen plazan.
Dokumentala, berriz, ostiral honetan eskainiko dute. Bi arnas izeneko lanak Iratxe Sorzabalek jasandako torturak ditu oinarri, eta haren amaren sufrimendua ere islatzen du, Mari Nieves Diazena, hain zuzen. Sorzabal Guardia Zibilak atxilotu zuen 2001ean ETAko kidea izatea leporatuta, eta inkomunikatuta izan zuten denboran, bost egunez, torturak jasan zituela salatu zuen.
Aita Marin emango dute ikus-entzunezkoa, eta hantxe izango da dokumentalaren zuzendaria, Jon Mikel Fernandez. Saioaren amaieran, hala, harekin solasteko aukera izango dute herritarrek.
Aurrerapauso gehiago behar
Zumaiako Sortuk prentsa ohar bidez eman ditu bi ekitaldiok antolatzearen arrazoiak. Batetik, Iratxe Sorzabali buruzko dokumantalaren garrantzia azpimarratu du, beste euskal herritar askori gertatutakoaren isla izan daitekeelako. "Sistematikoki torturatu izan da Euskal Herrian, eta milaka dira tortura jasan duten euskal herritarrak. Bakan batzuk baino ez dira ofizialki aitortu, hala ere. Adierazgarria da, zentzu horertan, Sorzabalen kasua. 2001ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta bost egunez inkomunikatuta izan zuten. Aldi horretan jasandako torturak ez ditu aintzat hartu Espainiako Justiziak, eta, iaz, Espainiako Auzitegi Nazionalak 24 urte eta erdiko zigorra jarri zion, torturapean egindako autoinkulpazioa haren kontrako frogatzat hartuta. Gainera, berriki, haren kontrako zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak, tortura salaketei sinesgarritasuna kenduta. Horregatik guztiagatik, uste dugu gaurkotasun handia duen eta torturaren ankertasuna agerian uzten duen dokumentala dela Bi arnas".
Bestetik, Sortuk uste du azken urteetan "torturaren errealitatea argitara ateratzeko bidean lorpen esanguratsuak" izan direla. "Besteak beste, Kriminologiaren Euskal Institutuak 2017an Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban eta orain Nafarroan egin dituen txostenekin urteetan ezkutatuta eta gutxietsita, are ukatuta, izan den errealitatearen egiazko modu ofizialean jasotzen lagundu du". Dena den, oraindik ere asko dago egiteko Sorturen iritziz "aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskuratzeko bidean".
Alderdiak uste du "herri moduan urratsak egitea" dagokiola euskal gizarteari. "Zumaian bertan, gutxienez 30 lagunek jasan dute tortura, eta milakak Euskal Herri osoan. Modu sistematikoan erabili izan da hemen tortura, gatazka politikoaren testuinguruan, ezkerreko independentismoa borrokatzeko, eta, oro har, Euskal Herriko sektore zabaletan beldurra hedatzeko. Indar polizial desberdinek erabili dute, baina, horietatik harago, inplikazio gehiago ere baditu. Komunikabide, agintari eta alderdi politiko jakin batzuen erantzukizuna argia da afera honetan. Horregatik, erantzukizun horiek hartzeko garaia dela ere aldarrikatuko dugu astelehenean", adierazi du.