Kiroldegiko rokodromoa kendu dute

Juan Luis Romatet 2023ko otsailaren 9a

Rokodromoa osatzen duten piezak dagoeneko kenduta. (Juan Luis Romatet)

Azpiegitura zaharkituta zegoela eta ia erabiltzen ez zela iritzita, eta aurten kiroldegiko pista berrituko dutela ikusita, kentzeko erabakia hartu dute. 

Lubaki kiroldegiko rokodromoa kentzen aritu dira aste honetan. Antxon Alberdi Kirol Patronatuko kudeatzaileak azaldu duenez, orain bi hamarkada inguru jarritako kirol azpiegiturak erabilera urria zuen eta arazoak ematen zituen. "Gaur egun eskalatzaileak boulderrean aritzen dira eta gutxiago eskalada bertikalean. Zumaiako eskalatzailak kontsultatu genituen eta [rokodromoa] ez zutela behar esan ziguten. Gainera, 2023. urte honetan kiroldegiko pista berritu behar dugu eta rokodromoa kentzeko momentu egokia zela ikusi dugu". 

Eskaladarako azpiegitura hau jarri ahal izateko bere momentuan kantxa moztu behar izan zutela ere azaldu du Alberdik. "Orain pista berritu behar dugu eta une egokia da rokodromoa kentzeko. Gainera, hala rabilera desegokiak ere saihestuko ditugu", gaineratu du. 

Gaur egun ez du Kirol Patronatuak herrian beste rokodromorik jartzeko asmorik. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide