Auto lasterketetan aritzea ez da merkea. Ondo dakite hori Migel Kalparsoro eta Ander Odriozola zumaiarrek. Iaz parte hartu zuten rallyetan edota igoeratan, eta aurten ere hala egiteko asmoa dute. Horregatik, gastoak arintzen laguntzeko mus txapelketa antolatu dute Itzurun tabernan. Bihar arratsaldez jokatuko da, 16:00etatik aurrera. Izenak arratsaldean bertan eman ahal izango dituzte parte-hartzaileek, 15:00etatik 15:45era bitartean. Bikoteko 20 euro ordainduko da. Irabazleek 400 euro eta txapela jasoko dute, bigarren sailkatuek bi Ecudata repro, hirugarrenek bi auto garbiketa Distiran, eta laugarrenek kiloko bi txuleta ardo botilak.
"Iaz hasi ginen Ander eta biok karreretan bakoitza bere kotxearekin, eta pentsatu genuen zerbait antolatu behar genuela karreren inskripzioei eta bestelako gastoei aurre egiteko. Ematen du jende pixka bat animatzen ari dela, eta pentsatzen dugu kotxe munduan aritzen den jendea etorriko dela", dio Kalparsorok.
Azkoitiko Errebueltie Eskudeixeko partaide dira Kalparsoro eta Odriozola. "Zumaian ez dago halakorik eta beriekin aritzen gara. Lasterketetarako izenak ematen, gestioak egiten, halakoetan asko laguntzen digute", azaldu du Kalparsorok. "Gustura gaude beraiekin, asko laguntzen digute eta lagunak dira".
Bata, Odriozola BMW 325 batekin arituko da lasterketetan; bestea, Kalparsoro, BMW 328 kotxearekin. "Iaz rallyseprintetan, rallyetan eta igoeratan aritu ginen, eta aurten ere lasterketa mota horietan arituko gara. Federazioa esaten ari zen aurten lasterketa gutxi izango zirela, baina azkenean egutegia osatu dute. Hemen inguruan arituko gara, Kantabrian (Espainia) ere bai...". Martxoaren 5ean izango dute lehen lasterketa, Gabiria-Legazpi rallyesprintea, hain zuzen.