Inauteriak 2023

Ostiraletik aurrera ospatuko dira inauteriak Zumaian

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 12a, 08:00

Gorka Alberdi inauterietako kartelaren egilea, Miriam Romatet teknikaria eta Marina Bidasoro zinegotziarekin. (Zumaiako Udala)

Ostiralean hasiko dira festak Musika eta Dantza Eskolaren jaialdiarekin eta Pirritx, Porriotx eta Marimototsen emanaldiekin bukatuko dira astelehenean. 

Garaiko goibeltasuna atzean utzi eta mozorroen kolore eta alaitasunek animatuko dute herria datorren ostiraletik aurrera. Lau egunez izango dira inauterietako ekitaldiak Zumaian.

Euskal mitologiako pertsonaiek hartuko dute herria ostiral arratsaldean. Musika eta Dantza Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek jaialdia egingo dute beste behin ere, eta oraingoan euskal kondairetako pertsonaiak izango dira ikuskizuneko protagonistak. Kalejira 17:45ean abiatuko da Alondegi paretik, eta zuzenean Gurrutxaga plazarantz joango dira: bertan egingo da emanaldia.

Larunbatean, Zumai txarangaren kalejirak izango dira goizez zein arratsaldez. Eguerdian, berriz, 12:30ean hasita, Astindu dantza elkartearen kalejira izango da. Arratsalde partean mozorro lehiaketak egingo dira, eta gauez, 22:00etan hasita, DJ Davilaren saioa izango da Amaiako plazan. 

Igande eguerdian, berriz, Betijai fanfarrearen kalejira izango da, eta 17:00ean haurrentzako Yuku eta Himalaiako lorea zinema emanaldia izango da Aita Marin.

Mozorro lehiaketak

Mozorro festa izanik, mozorro lehiaketak ere izango dira aurten. Haurren mozorro onenak larunbatean Gurrutxaga plazan egingo den festan aukeratuko dira. 17:00etan emango dute izena haurrek, eta guztira hiru sari banatuko dira: banako edo bikote onenarena, 0-8 urte bitartekoen taldekako mozorro onenarena, eta taldekakoa baita ere, baina 9-12 urte bitartekoa hirugarrena.

Heldu eta gazteen mozorro lehiaketan, aldiz, bi sari banatuko dituzte: banako edo bikote onenaren saria, 80 eurokoa, eta taldekako mozorro onenaren saria, 200 eurokoa. Bi sariak Gertu elkarteak emandakoak izango dira. Lehiaketan parte hartzeko 18:30etik 21:00etara bitartean Oxford aretoan egongo den Argazki Txokora joan beharko dute. Argazki horiek guztiak baleike.eus webgunera igoko dira eta igandetik aurrera izango da bozkatzeko aukera.

Egitaraua

Otsailak 17, ostirala
16:00 Eskolen inauterietako kalejira (eguraldi txarra bada ez da egingo)
17:45 Alondegian hasita Musika Eskola eta ZUMB-Musika bandaren inauterietako kalejiraMitologia
 
Otsailak 18,  larunbata
12:00-14:00 Zumai txarangaren  kalejira herriko kaleetan zehar
12:30 Eusebio Gurrutxaga plazan Astindu dantza elkartearen dantza-kalejira
17:00 Eusebio Gurrutxaga plazan inauterietako mozorro festa
18:00 bertan, Haurren mozorro lehiaketa
18:30 Herriko kaleetan zehar kalejira Zumai txarangarekin
18:30-21:00 Oxford aretoan Argazki Txokoa
22:00 Amaia plazan, Dj Davilaren saioa.
 
Otsailak 19, igandea
12:30-14:30 Betijai fanfarrearen kalejira herriko kaleetan zehar
17:00 Aita Mari, zine emanaldia Yuku eta Himalaiako lorea
 
Otsailak  20, astelehena
15:00 eta 17:30  Zumaiena,  Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizunaUrteak bete, abenturak bizi

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide