Aktore berri onenaren Goya Saria irabazi du Telmo Iruretak

Juan Luis Romatet 2023ko otsailaren 11

Elena Iruretak eman dio saria Telmo Irureta ilobari.

Fernando Franco zinemagilearen La consagración de la primavera filman egindako lanarengatik eman diote saria. Elena Iruretak eman dio saria Telmo ilobari. 

Aktore berri onenaren Goya Saria jaso du Telmo Iruretak Sevillan egiten ari diren galan. La consagración de la primavera filman egindako lanarengatik eman diote saria aktore zumaiarrari. Saria irabaztea nahiko ez, eta, gainera, bere izeba Elena Iruretak eman dio. 

Fernando Francoren filman lankide izan dituenak eskertu ditu agertokitik; "esperientzia zoragarria" izan dela azpimarratu du. Filman egiten duen David pertsonaiari ere eskerrak eman dizkio. "Desgaitasuna duten pertsonen sexualitateari keinu egiten dio. Guk ere existitzen dugu, guk ere txortan egiten dugu", esan du Iruretak. 

Poz handiak eman dizkio La consagración de la primavera filmak Iruretari. Bere lehen film luzea du, Donostia Zinemaldian aurkeztu zen Sail Ofizialean, eta orain Goya Saria ere eman dio Telmo Iruretari. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide