Aitzuri frontoian jokatuko da binakako esku pilota txapelketako play offetako bat. Martxoaren 3an izango da, 22:15etik aurrera. Bertan, ligaxka 5. eta 6. postuetan amaituko duten jokalariak neurtuko dira.
Zortzi bikote ari dira jokatzen binakako esku pilota txapelketako ligaxka. Behin fasea amaituta, sailkapeneko lehen bi bikoteak zuzenean finalerdietara pasatuko dira. Ligaxka 3. eta 4. postuan amaitu duten bikoteak, eta 5. eta 6. postuetan amaitu dutenak elkarren aurka arituko dira.
3. eta 4. postuetan amaitu dutenen arteko partidako irabazlea finalerdietara pasatuko da; galtzailea, berriz, 5. eta 6. postuen arteko demako irabazlearekin neurtuko da, eta bi bikote horien arteko partidaren irabazlea izango da finalerdietako laugarren bikote sailkatua.
Justu, ligaxka 5. eta 6. amaitzen dutenen arteko partida hartuko du Aitzurik martxoaren 3an. Gaur-gaurkoz ezin da jakin zer bi bikotek jokatuko duten gau horretan Zumaian. Lehen bi bikoteak –Elordi-Zabaleta eta Altuna III.a-Tolosa– ia sailkatuta daude finalerdietara, eta azkenak, Jaka eta Arangurenek osatutakoak, ez du aukerarik. Beste bost bikoteak, berriz, lehia bizian daude. Ligaxka amaitu arte ezingo da jakin zer pilotari izango dira Zumaian.
Sarrerak, baina, dagoeneko salgai daude online, hemen. Frontoiko zonaldearen arabera, 25 eta 30 euroren arteko prezioak dituzte sarrerek.