Euskara hizkuntza indigenen artean. Elkar indartzeko aliantzak izeneko hitzaldiarekin hasiko da gaur Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa. Azken urteuotan egin bezala, Larraina euskara taldea arduratu da aurten ere ekimen hau antolatzeaz.
Gaurko saioan (18:30ean, Alondegiko Oxford aretoan) hizlari Maialen Sobrino (Ekuadorreko Kitxua herria eta hizkuntzarekin lankidetzan), Paula Laita (Kanadako Tsilhqot'in hizkuntza biziberritze-lanetan lankidetzan) eta Arkaitz Zarraga (Kolonbiako Nasa herriarekin) izango dira. "Munduan 7.000 hizkuntza inguru daude, eta horietako asko daude euskara bezala, gutxituta; asko daukagu ikasteko elkarrekin eta elkarrengandik, baita elkarri erakusteko ere", azaldu dute Larrainako kideek.