Unai Roman Eizagirre Isasti naiz. Bai, Unai Roman naiz, gure kontuak... 1983ko martxoaren 24an jaio nintzen Zumaian, Larretxo auzoan. San Telmo kalean bizi naiz orain. Informatika denda batean egiten dut lan, baina musikaria ere banaiz.
Musikatik bizitzearena nik neuk, behintzat, orain arte ez dut ikusi. Musikatik bizi nahi banu, gainera, ez nuke egingo gaur egun egiten dudan musika mota hori. Saltzeko errazagoa den zerbait egiten saiatuko nintzateke. Dendan bezalaxe: nik saltzeko moduko gauzak erosten ditut. Guk geure gustuko kontuak egiten ditugu.
Niretzat eta nik ezagutzen ditudan musikarientzat ihesbide bat da musika. Lanetik irten, entsegu lokalean sartu, jo, eta ahaztu egiten zara beste guztiaz.
Musika Eskolan oinarrizkoa ikasi genuen: Sonsolesek La de la mochila azul eta halakoak erakutsi zizkigun. Gu gustura joaten ginen. Gitarra espainiarra jotzen genuen harekin, eta gero Bururekin hasi ginen elektrikoa maneiatzen. Bat-batean izugarrizko aldaketa izan zen. Iban Rubio, Aritz Paredes eta hirurok joaten ginen. Arratsaldeetan joaten ginen, eta Buru ez zegoenetan, topera jartzen genuen bolumena, nork zarata gehiago atera.
Lauzpabost talde izan ditut. Itaka izan zen lehenbizikoa; hor hasi nintzen gitarra jotzen, gero bateriari ekin nion. Got-ham taldean, berriz, gitarra jotzearekin batera abestu egiten nuen. Atzera Itakara itzuli nintzen berriz, eta gero, Voltaia Zumaiako taldea sortu genuen. Baxua eta ahotsa nintzen ni. Eta orain, Ezpalak taldean.
Talde bakoitzarekin zerbait ikasten duzu. Ezpalak taldean, esaterako, norbaitek eraman behar izaten du furgoa eta beste norbaitek itzuli behar izaten ditu hitzak ingelesera. Banatu egin behar izaten dira ardura horiek, ezin dituelako pertsona bakar batek bere gain hartu. Sare sozialekin, zer esanik ez. Nik ez neukan Instagram konturik Ezpalak taldean hasi nintzenean, eta orain erabiltzen ikasi dut. Sare sozialak eguneratu ezean, atzean gera zaitezke. Eta Instagram modaz pasatzen denean, beste zerbait etorriko da, eta ikasi beharko dugu hori ere.
Ezpalak sortu genuenean guk hamasei urterekin entzuten genituen abestiei keinu bat egin nahi izan genien, eta uste genuen ez zuela inork entzungo. Harrera ona izan zuen. Gainera, guk primeran pasatzen dugu hori grabatzen eta zuzenekoetan. Kuadrillako batek esan zidan, adibidez, irratian askotan jartzen dutela. Poza ematen dute halakoek. Beste batek, berriz, Donostiako Dabadaba aretoan emango dugun kontzerturako sarrerak erosi dituela. Ezpalakekin jotzen duguna lagunen gustukoa izateak pozten nau.
Disko berria atera dugu orain: Hotz aina hots. Saiatzen gara gauza desberdinak egiten. Donostiako Gartxot musikariari galdetu genion, artista hutsa delako halako hitz jokoak eta egiten, eta hori proposatu zigun. Gustatu zitzaigun, eta horixe jarri genion. Betikoa egin dugu bilduma honetan ere, baina buelta bat gehiago ematen saiatu gara, soinu hobea izan dezan. Lehengoaren lerro beretik dator, baina hark lirika gehiago zeukan, eta hau gogorragoa da.
Zuzenekoetan jotzea da onena. Estudioan urduritu egiten zara, akatsak egoten dira, presaka ibiltzen gara, kableren bat izorratzen da… Beti aldrebestu egiten da. Zuzenekoetan, berriz, egin duzun lan hori guztia solte uzten duzu.
Nekatzen du furgonetan leku batetik bestera ibiltzeak, baina gustuz egiten dugu. Herrialde Katalanetan izan gara, Italian… Eta bai, nekatuta itzuli gara, baina kontentu ere bai.