50 urte bete baditu ere, gazte mantentzen dela erakutsi du beste behin ere Indamendi mendi bazkunak. Izan ere, Mendian Korrika izeneko atala sortu du Zumaiako mendi elkarteak. Hala, ohiko mendi irteerez gain, mendian lasterka aritzeko saioak ere antolatuko ditu aurrerantzean elkarteak, sail horren bidez.
Mendian korrika egiteko modalitatea nahiko berria dela azaldu du Indamendik. Hori hala izanda ere, kirol mota hori "hazkundean" dagoela azaldu du, eta belaunaldi berriak "mendira erakartzea" lortzen ari dela. "Han eta hemengo mendietan maiz ikusten ditugu adin desberdinetako pertsonak korrika, baita zumaiarrak ere", azaldu dute elkarteko kideek. "Indamendik bere sorreratik mendira joan nahi duenari –izan haur, gazte edo heldu– bidea erraztea izan du helburu, eta asmo horri tiraka, mendira joan eta han korrika egin nahi duenari ere bidea erraztu nahi dio orain", gaineratu dute.
Indamendiko kideek ulertzen dute mendian korrika aritzea "mendi ibilaldien eboluzio bat" izan daitekeela, "mendia bizitzeko eta sentitzeko beste modu bat". Horrek eraman du bazkuna Mendian Korrika sail berria martxan jartzera. Helburuen artean daude honako hauek: Zumaian kirol jarduera bera praktikatzen duten pertsonak biltzea, gustuko kirola taldeka egitea eta esperientziak partekatzea, kirol jarduera hori ezagutaraztea nahiz hari herrian ikusgarritasuna ematea eta oraindik kirol hori ezagutzen ez dutenei edota probatu ez dutenei horretarako aukerak ematea, baita kirol horretan hasteko modu bat eskaintzea ere.
Horiez gain, Indamendi elkartea "askotarikoa" izatea ere nahi dute, "kirol jarduera desberdinak egiten dituzten pertsonak batzea, eta, bidez batez, elkartea sustatzen laguntzea".
Zumaia-Elorriaga igandean
Helburu horiek guztiak betetzeko asmoz, Indamendiren atal berriak mendian korrika egiteko irteerak antolatuko ditu, "betiere irteera horietan parte hartuko duten pertsonen interesak eta nahiak kontuan hartuta".
Lehendabiziko irteera igande honetan bertan egingo dute. Zumaiatik abiatuko dira, Ondartxo plazatik, 08:30ean, eta Elorriaga auzora joango dira, handik berriro Zumaiara itzultzeko. Guztira, hamar kilometroko bidea egingo dute parte hartzaileek. "Lehen irteerarako ibilbide ezaguna bezain laburra aukeratu dugu. Izan ere, irteera honekin mendian korrika egin nahi duten pertsonak eta horien interesak nahiz asmoak ezagutu nahi ditugu", adierazi dute Indamendiko atal berriko kideek.