Bihar amaituko da Zumaiako 38. Herri Lasterketan izena emateko epea

Onintza Lete Arrieta 2023ko otsailaren 21a

36. Herri Lasterketako parte hartzaile batzuk. (Aritz Mutiozabal)

Larunbat arratsaldean jokatuko da proba eta, azken urteotan bezala, bi distantziatan parte hartzeko aukera egongo da: 5,1 kilometroko lasterketa laburrean, edo 10,2 kilometroko proba luzean. Aurrez, umeek eta gaztetxoek egingo dute lasterketa.

Larunbat honetan, hilak 25, jokatuko da Zumaiako 38. Herri Lasterketa, eta izena emateko epea laster amaituko da; asteazken gauerdian, bihar, alegia. Izena Kronoak.com webgunean eman behar da.

Ohi bezala, helduek bi proba izango dituzte aukeran: 5.100 metroko lasterketa laburra, eta 10.200 metroko lasterketa luzea. 17:00etan hasiko da lasterketa luzea, eta 17:10ean, motza. Antolatzaileek azaldu dutenez, ohiko zirkuitua izango du lasterketaren aurtengo edizioak ere, eta irteera eta helmuga Eusebio Gurrutxaga plazan kokatuko dituzte.

Helduen proben aurretik, 15:45ean, haurren eta gaztetxoen saioak izango dira. 

Iaz Martin Amilibia zumaiarrak jantzi zuen txapela proba nagusian gizonezkoetan, eta Rebeca Mariño baztandarrak, emakumezkoetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide