Zer da elkarrizketa?
Elkarrizketa kazetaritzan bi modutara uler daiteke:
Batetik, kazetariak informazioa lortzeko daukan teknika bat da: galderak egiten dizkio informazioa daukan pertsonari, pertsona hori elkarrizketatu egiten du, galdekatu egiten du, informazioa lortzeko. Adibidez, nik erreportaje bat egin nahi badut COVID-19ak Zumaian utzi dituen ondorioei buruz, hainbat pertsona elkarrizketatuko ditut informazioa lortzeko: mediku bat jakiteko jende asko gaixotu ote den eta larri ote dauden, ikastetxeko zuzendaria jakiteko eskolan zer neurri hartu diren... Horiek elkarrizketatu egingo ditut, informazioa lortzeko, eta gero informazio horrekin nire erreportajea idatziko dut.
Bestetik, kazetaritza-genero bat da bere horretan, informazioa aurkezteko molde bat edo formatu bat, osagai jakin batzuk dauzkana: titularra, galdera-erantzunak, elkarrizketatuaren argazkia...
Edozein modutara, garrantzitsuena da ulertzea elkarrizketa kazetaritza dela, kazetariak daukan bide bat informazioa lortzeko eta irakurleari helarazteko. Beraz, elkarrizketa kazetariarena da, ez elkarrizketatuarena. Elkarrizketatuak eskubidea du, noski, elkarrizketa ukatzeko. Baina elkarrizketa kazetariarena da: berak egiten ditu galderak, berak erabakitzen du zer den titularra eta zer ez.
Guk biak landuko ditugu, teknika eta formatua.
1.-Elkarrizketa prestatu
Beraz, aldez aurretik pentsatu behar dugu zer informazio lortu nahi dugun eta horretarako zer galdera egingo ditugun. Kasu honetan, jakin nahi dugu zuen gurasoek zer iritzi daukaten tokiko merkataritzaren inguruan. Lana errazteko, galdera posible batzuk prestatu dizkizuegu, zuek aukeratzeko: elkarrizketarako galderak.
-Kasu honetan, aukeratu galdera sorta bat.
-Galderak koaderno batean idatzita eraman elkarrizketara. Gero, elkarrizketa egiteko momentuan, gaia aurrez ondo prestatu baduzue, agian galdera berriak sortuko zaizkizue elkarrizketatuak erantzun ahala. Horiek dira elkarrizketa onenak: aldez aurretik ondo prestatutakoak, galdera klabeak landuta, eta elkarrizketaren momentuan galdera berriak egiteko gaitasunarekin. Ariketa honetarako, nahikoa da aldez aurretik prestatutako galderekin.
-Kazetariok normalean ez dizkiegu galderak aldez aurretik erakusten elkarrizketatuei. Gaia zein den bai, baina galdera zehatzak ez. Dena den, kasu honetan ez dago arazorik galderak aldez aurretik erakusteko, erantzunak hobeto presta ditzaten. Zuen gurasoak dira, ez dira politiko profesionalak!
2.-Elkarrizketa egin
-Elkarrizketatuarekin hitzordua lotu behar duzue, adostu noiz eta non egin. Aukeratutako lekua izan dadila erosoa, lasaia eta zaratarik gabea.
-Jakinarazi elkarrizketuari noiz hasiko den elkarrizketa, noiztik aurrera ari zareten grabatzen.
-Galderak egin patxadaz, ondo ulertzeko moduan.
-Utzi elkarrizketatuari erantzun osoa ematen, isilik egon bukatu arte. Oso deserosoa izan daiteke tartean elkarrizketatzaileak komentarioak egitea edo “ah, bai” edo holakoak esatea. Isilik egon. Hori bai, erantzuten ari den horrek beste galdera bat sortzen badizue, galdetu beldurrik gabe. Ariketa honetan, baina, utzi gurasoei lasai erantzuten.
-Baliteke galderaren bat erantzun nahi ez izatea, edo erantzunik ez izatea. Ez da ezer gertatzen, pasa hurrengora. Zuek baloratu erreakzio hori esanguratsua den (zerbait isilean gorde nahi duelako) edo ez daukan garrantziarik, gero informazioa idazterakoan irakurleari adierazi edo ez erabakitzeko. Ariketa honetan, ez eman garrantziarik.
-Azken galderaren erantzuna jasotakoan, eskerrak eman galderak erantzuteagatik.
3.-Elkarrizketa grabatu
-Elkarrizketa egitearekin batera grabatu egin behar duzue, hitz egindako guztiak zehatz mehatz grabatuta gera dadin. Horrela ziurtatuko duzue esandakoak ondo jasoko dituzuela, eta elkarrizketatuak ezingo du ukatu hala esan zuenik. Beraz, garrantzitsua da elkarrizketa grabatzea eta gordetzea.
-Elkarrizketari laguntzeko ezinbestekoak dira argazkiak. Elkarrizketatuari argazkiak egin beharko dizkiozue. Egin ditzakezue elkarrizketa hasi aurretik, amaitutakoan edo elkarrizketa egiten ari zareten bitartean. Aurretik edo ondoren egiten baduzue, aukera izango duzue postura jakin bat eskatzeko, objektu esanguratsuren batekin ateratzeko, edo leku jakin batean… Posatzen, alegia. Elkarrizketan zehar ateratzen badituzue, aukera izango duzue naturalago ateratzeko, eskuekin keinuak egiten adibidez. Bana erne, diskrezioz egin, molestatu gabe.
-Audioa bakarrik behar badugu (esandakoa entzun eta idazteko), ziurtatu grabagailua (telefono mugikorra erabil dezakezue) elkarrizketatuarengandik gertu dagoela eta ezerk ez duela soinua oztopatzen. Ziurtatu nahikoa bateria duela, eta artxiboa gordetzeko espazioa memorian.
-Berdin du audioan edo bideoan, egin probako grabazio motz bat hasieran, konprobatzeko ez dagoela arazorik, ondo grabatzen duela ahotsa.
-Bideoan grabatzeko, gauza gehiago hartu behar dituzue kontuan. Gaur egun edozein mugikorrekin egin dezakezue, arazorik gabe. Hori bai ez ahaztu aholku hauek:
-Bateria kargatuta izan dezala eta nahikoa memoria artxiboa gordetzeko.
-Formatu bertikala oso modan dago, baina kazetaritzan klasikoa erabiltzen da: horizontalean grabatu.
-Ez da beharrezkoa 4Kn grabatzea; 1080ko erresoluzioa nahikoa da, abiadura normalean (ez erabili kamera geldoa).
-Garrantzitsua da kamera estabilizatzea (geldirik mantentzea). Eskuekin helduta ere egin daiteke, baina nekatu egingo zarete eta mugitu egingo zaizue irudia. Mobila estabilizatzeko tripodeak eta bestelako euskarriak erabiltzen dira, baina ez badaukazue halakorik bilatu beste moduren bat.
-Bideoan grabatzeko oso garrantzitsua da soinua ere zaintzea: zaratarik ez egotea, isilik egotea grabazioan, elkarrizketatutik gertu. Eta argiarekin erne, ondo ikusi behar zaio aurpegia. Atzetik leiho bat badu edo argi iturri bat, ilun ikusiko zaio aurpegia.
-Bideoan grabatzeko posizio egokiena da kamera aurpegiaren altueran jartzea, gerritik gora grabatzea (eskuak ere ikusteko), kazetaria kameraren ondoan jartzea galderak egiten, eta elkarrizketatuak kazetariari begiratzea, ez kamerari zuzenean.
-Bideoan grabatzeko, gutxienez bi lagunen artean egitea komeni da: batek kazetari lanak egingo ditu galderak eginez; besteak kamera erabiliko du grabatzeko.
-Hau tontakeria irudituko zaizue, baina elkarrizketa hasteko REC botoia (botoi gorria) sakatu grabatzen hasteko, eta amaieran berriro grabazioa amaitzeko. Ez litzateke izango grabatzen ez den lehen elkarrizketa…
-Elkarrizketa osorik grabatu hasieratik amaierara arte. Ez ibili mozten etenak badaude. Ez du inporta, gero editatu daiteke behar ez duguna.
-Elkarrizketa amaitzen denean, konprobatu artxiboa ondo gorde dela ondo grabatu dela esandako guztia.
-Deskargatu artxiboa ordenagailu batera. Horrela kopia bat izango duzue, erabiltzeko edo gordetzeko.
4.-Elkarrizketa landu
-Elkarrizketa egin duzue, baina oraindik landu gabe dago. Hitzez esandako kontu horiek idatzizko kazetaritza bihurtu behar dugu. Hauek dira urratsak:
-Hitzez dagoen hori (galderak eta erantzunak) idatziz jarri behar dira, elkarrizketaren transkripzioa egin behar da. Hori bai, badakizue hitz egin eta idatzi ez dugula berdin egiten. “Baaa, ehhh, estooo, zeresangoizut ba, nik esango nuke gauzak eztiala asko aldauko”. Horrela hitz egiten dugu askotan, baina ez dugu horrela jasoko idatziz. “Baaa” eta horrelakoak kendu, eta euskara batuan idatzi. “Nik esango nuke gauzak ez direla asko aldatuko”.
-Galderak eta erantzunak txukun transkribatuta dauzkazuenean, orain inportanteena falta da: titularra. Zer da titularra? Zuentzat, kazetari modura eta hasierako helburua aintzat hartuta, elkarrizketatuak eman dizuen ideia edo esaldi esanguratsuena, garrantzitsuena, nabarmendu nahi duzuena. Elkarrizketa batean, normalean, elkarrizketatuak esandako esaldi bat izango da, borobila ahal dela (horiek lortzea da elkarrizketatzaile onaren lana), eta kakotx artean aurkeztuko dugu, hitzez hitz esandakoa dela adierazteko. Aurretik jarri elkarrizketatuaren izena, hitz horien egilea.
-Titularraren ondoren, testu labur bat idatziko dugu, sarrera moduko bat, elkarrizketatua nor den eta elkarrizketaren gaia kokatzeko. Eta ondoren, galdera-erantzunak. Beraz, testua amaitutzat emateko, behar ditu: titularra, sarrera eta galdera-erantzunak. Eta noski, egilearen izen-abizenak.
5.-Elkarrizketa entregatu
-Lanak bukatuta, entregatzea baino ez zaizue falta. Karpeta batean sartu testuaren artxiboa, argazkiaren artxiboa, eta audioaren edo bideoaren artxiboa. Artxibo guztietan jarri elkarrizketatuaren izena, gero hobeto identifikatzeko. Karpetan jarri egilearen izena, zuen izena.
-Karpeta zuen irakasleari bidali. Lan guztiak biltzen ditugunean eta txukuntzen ditugunean argitaratu egingo ditugu, baleike.eus-en sortuko dugun kanal berezi batean. Izan ere, kazetariaren lanak ez du zentzurik ez bada argitaratzen. Jendeak informazio hori jasotzeko egiten dugu lan.