"Harrigarria da jendeak ez jakitea nor izan zen Elbira Zipitria"

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza 2023ko otsailaren 22a

Iban Gonzalez, 'Elbira' dokumentalaren zuzendaria. (Iban Gonzalez)

Elbira Zipitriari "aitortza bat" egin nahi izan dio Iban Gonzalezek Elbira hari buruzko dokumentalaren bidez. Zipitriaren ingurukoei egindako hainbat elkarrizketarekin eta fikziozko zatiekin osatu du lana.

Abenduaren 26an estreinatu zuten Elbira Zipitria Irastortzari (Zumaia, 1906-Donostia, 1982) buruzko dokumentala, Donostiako Kursaalean, hil zenetik berrogei urte bete ziren egunean. Orain, Gipuzkoako 35 udalerritan baino gehiagotan egongo da ikusgai. Zipitriak, Donostiako Fermin Kalbeton kaleko bere etxean, dozenaka haur eta heldu hezi eta alfabetatu zituen hainbat urtean, euskaraz eta klandestinitatean, frankismo garai betean. Baleuko ekoiztetxeak egin du dokumentala, eta Iban Gonzalez Pagaldaik (Arrasate, 1973) zuzendu du. Arlo pedagogikoan egin zuen lanaz gain, haren alderdi euskaltzalea, abertzalea eta emakume gisa egindakoak ere nabarmendu nahi izan dituztela esan du.

Ikusmina sortu zuen Elbira Zipitriari buruzko dokumentalaren estreinaldiak, eta Kursaaleko areto nagusia bete egin zen. Espero al zenuten halako harrerarik?

Oso hunkigarria izan zen, ez dokumentalagatik bakarrik, baizik eta ikusteagatik zenbat jendek zuen Elbira gogoan eta zer jakin-min zegoen haren inguruan.

ETBn ere eman zuten asteartean. Zer bide egingo du hemendik aurrera?

Hainbat babesle ditu dokumentalak, eta Gipuzkoako Foru Aldundia da nagusia. Ikusi zuenean, esan zuen: ‘Honek herriarentzat izan behar du’. Gipuzkoako udal guztiei eskaini die lana, doan. Momentuz, 35-40k esan dute baietz, Aizarnabazal eta Eskoriatza bezalako herri txikietatik hasi, eta handiagoetara. Ikastetxeei ere egingo zaie dokumentala ikusteko gonbidapena. Herritarrek, gainera, aukera dute dokumentala beren herrian jar dezatela eskatzeko, eta beti doan izango da.

Dokumentalean, alde batetik, haren inguruko jendeari egindako elkarrizketak ageri dira.

Elbiraren alboan lan egindako Mari Karmen Mitxelena eta Kontxita Beitia andereñoak, haren ikasle izandako Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Mari Karmen Garmendia irakasle eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia ageri dira. Elkarrizketa gutxi egin ditugu, gustatzen baitzait elkarrizketatuek denbora eta espazioa edukitzea gauzak kontatzeko.

Elkarrizketa Berrian irakurri daiteke.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide