Saharar herriaren aldeko kontzertu solidarioa egingo da igande arratsaldean Zumaiena ikastetxeko aretoan. Emanaldia 19:00etan izango da, eta Xabi Solano eta Kimua dantza taldea izango dira protagonistak. Sarrerak aurrez salgai daude turismo bulegoan, Nikol tabernan eta Inpernupen, 10 euroan. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira aretoko atean.
Ekitaldi honen bidez lortutako dirua oso-osorik saharar herriari emango zaiola iragarri du Darahli elkarteak, emanaldiko antolatzaileak. Izan ere, Saharako errefuxiatuen egoera larria dela eta, Saharako Ilargi Erdia Gorriak premiazko deia egin die herrialde emaileei, Nazio Batuen agentziei, erakunde humanitarioei eta Saharako herriarekiko elkartasun-mugimenduko elkarteei premiazko laguntza humanitarioa emateko errefuxiatu sahararrei.
Saharako errefuxiatuen kanpamentuek eurite-ekaitz handien eragindako kalte larriak sufritu dituzte azken egunotan. Kalteak bereziki eskoletan erregistratu ziren, ospitaletan eta ezgaituentzako zentroetan.
Bestetik, "kezka sakona" ere azaldu du Saharako Ilargi Erdi Gorriak “gero eta zaurgarriagoa delako Saharako errefuxiatuen egoera. Desnutrizioa eta anemia areagotzen ari da haurren eta emakumeen artean, bereziki bost urtetik beherako haurren kasuan. Populazioaren herenak baino gehiagok gaixotasun kronikoak ditu, desnutrizioa eta horien erdiak baino gehiagok anemia du", gaineratu du erakundeak.
Lortutako diruarekin behar larrian dauden familiak lagundu eta ospitale baterako sendagaiak erosiko dituztela azaldu du Darahlik. Diruz laguntzeko aukera ere izango dute herritarrek, ondorengo kontuetan diru sarrerak eginez.
- Laboral Kutxa – ES05 3035 0037 4103 7005 0791
- Kutxabank – ES08 2095 5174 9091 1793 1051