Armairuaren bueltan hizketan, LGBTI+ planaren lehen ekintzan

Juan Luis Romatet 2023ko otsailaren 24a

Kanpainaren aurkezpeneko irudia. (Juan Luis Romatet)

Iazko urte amaieran onartu zuen LGTBI+ ekintza planaren barruan, sentsibilizazio kanpaina abiatu du Zumaiako Udalak Nola egingo dugu ate guztiak askatzeko? lelopean. Zumaiako LGTBI+ kolektiboaren bizipenak argitara eramatea du helburu kanpaina honek.

LGTBI+ pertsona batzuentzako babeslekua da armairua; beste batzuek askatasuna aurkitzen dute handik ateratzen direnean. Armairura igota, kontu horien inguruan hausnartu eta hitz egin dute Laura Iparragirre, Kimetz Etxabe, Idoia Zabala eta Aritz Irure zumaiarrek sentsibilizazio kanpainaren barruan prestatutako bideoan. 

 

Bideoaren bi bertsio osatu dituzte. Bat, laburra, bi minutu ingurukoa, sare sozialen bidez partekatuko dute. Bestea, luzeagoa, lanketa desberdinak egiteko baliatuko dutela iragarri dute kanpainaren aurkezpenean.

2022ko azaroan aurkeztu zuen Udalak Zumaiako Eihera kooperatibarekin batera diseinatutako LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko plana. 45 ekintza konkretsuz osatzen den plan hark sei helburu edo erronka zehaztu zituzten: ikusgarritasuna, sentsibilizazioa eta aitortza; eskuragarritasuna; sozializazioa eta partehartze komunitarioa; indarkeria gabeko bizitzak; akonpainamendua, zaintza eta babesa; eta zeharkakotasuna. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide