Eguraldia lagun bada, behintzat, apirilaren 16an bi danborrada aterako dira Zumaiako kaleetara: eguerdian haurren danborradaren txanda izango da, eta gauez helduena. Bi taldeen danbor eta barrika arradak ahalik eta hobekien prestatzeko entsegu saioak egingo dituzte datorren asteburutik aurrera.
18 urtetik gorako herritar orok parte hartu ahal izango du helduen danborradan. Entseguak datorren ostiralean, martxoaren 3an hasiko dira Herri Eskolaren Sagarbideko gimnasioan. Saioak 21:30etik 22:30era bitartean egingo dira ostiraletan, eta 15:00etatik 16:00etara larunbatetan.
Haurren danborradako entseguak, berriz, larunbatetan egingo dira, 16:00etatik 17:30era, Herri Eskolaren Sagarbideko gimnasioan, baita ere. Danborrada honetan jotzen aterako diren haur txikienak 2016. urtean jaiotakoak izango dira.
Txikiagoek, 2017an eta 2018an jaiotakoek, arraunak eta otarrak eramaten parte hartu ahal izango dute. Horretarako, aurrez izena eman beharko dute larunbatean, haur danborradako entsegu egunean.