Bart banatu dituzte Espainiako jatetxe onenak aitortzen dituen Repsol Gidako Eguzkiak eta, tartean, Zumaiako Hamarratz jatetxeak jaso du berea. Alacanten (Herrialde Katalanak) egin dute banaketa ekitaldia eta Andoni Txintxilla sukaldariak Aitor Arregi Getariako Elkano jatetxeko arduradunaren eskutik jaso du oroigarria.
Era horretara, Artadin dagoen Hamarratz jatetxeak lehen Repsol eguzki preziatua eman dio Zumaiako herriari. Epaimahaiak, sukaldeetan hain ohikoak ez diren eta askotan oharkabean pasatzen diren arrainekin egiten duen lana balioetsi dio Txintxillari oroigarria emateko orduan. Horrez gain, kozinatzeko baliatzen dituen antzina teknikak ere aitortu dizkiote.
Zumaiako jatetxeak ez ezik, Hego Euskal Herriko beste hamahiruk ere jaso dituzte oroigarriak: Dimako (Bizkaia) Garenak, Villabonako (Gipuzkoa) eta Donostiako Hika eta Amelia jatetxeek bigarren eguzkia lortu dute, eta Atxondoko (Bizkaia) Errok, Bilboko Kumak, Getxoko Tamarises Izarrak, Hondarribiko (Gipuzkoa) Laia Erretegiak, Donostiako Espazio Oteiza-Akelarrek eta Zazpi STMk, San Adriango (Nafarroa) Carlos Oyarbide Bistronomicok eta Iruñeko Baserriberrik eta Les Amisek lehenengoa. Ondorioz, 87 dira jada euskal jatetxeek dituzten Repsol eguzkiak.