Maiatzaren 28an egingo dira udal eta foru hauteskundeak, eta hitzordu garrantzitsu horretara begira jarrita daude alderdi politikoak. Hauteskunde mahaiak jartzeko hiru hilabeteren faltan, gobernu planak emandakoaren balantzea egin zuen atzo udal gobernuak Alondegiko Oxford aretoan egindako ekitaldian.
Herritar ugari bertaratu zen kanpainaurreko ekitaldi gisa jo daitekeen jendaurreko baloraziora. Udal gobernua osatzen duen koalizioko jarraitzaileak izan ziren bertan, baita herriko kirol, kultura edo gizarte arloetako elkarte, talde edo eragileetako ordezkariak ere.
Arritxu Iribar zinegotziak hartu zuen hitza ekitaldiaren berri eman eta lehen datuak aurkezteko. Gogoratu zuen 2020ko otsailaren aurkeztu zuten gobernu plana "proiektu handiez eta txikiez" osatzen zela, eta ekitaldi horren bidez haren "argazkia" eman nahi izan dutela. Agintaldi honetan Zumaiako Udalaren leloa ere gogoratu zuen, Zumaia bizitzeko da –"Zumaia bizitzeko moduko herria izan zedin konpromisoa hartu genuen", azaldu zuen Iribarrek–, eta hartutako neurriek bi zutabe izan zituztela ere aipatu nahi izan zuen: "herritarren beharrei erantzungo dien politika soziala indartzea, eta Zumaia herri bizia izatea". Gobernantza "beste era batera" eramatearen garrantzia ere azpimarratu zuen zinegotziak ekitaldian zehar.
2020ko martxoan lehertu zen COVID-19aren izurritea ere gogoan izan zuen Iribarrek ekitaldiaren hasieran, eta zumaiarrek haren aurrean erakutsitako jarrera "izugarria" izan zela nabarmendu zuen. "Agintaldia hasi eta gutxira izan zen, eta hor genituen planak aldatu edo eten egin behar izan genituen; hortxe jarri behar izan genuen mira. Hor ikusi genuen zein ziren lehentasunak, politika eta zerbitzu publikoak behar-beharrezkoak zirela erakutsi zuen pandemiak".
Lehendabizikoz 10.000 biztanleko langa pasatu izana ere gogoratu zuen zinegotziak. "Guztira hamazazpi zinegotzik osatzen dute udala, eta gobernua bederatzik osatzen dute. Inoiz baino jende gehiago dago lan egiteko, eta hori igartzen da emaitzan", goraipatu zuen.
Datuetara joanda, gobernu planak jasotzen zituen 98 proiektuetatik 94ri heldu dietela azpimarratu zuen Iribarrek. "Horietatik 59 amaituta daude eta hamahiru amaitzear. 72 proiektu egintzat jo ditzakegu, eta beste 22 martxan daude, fase desberdinetan". Hasierako asmoetatik proiektu bakarra baztertu dutela adierazi zuen –Ludotekako aterpea, Iñaki Ostolaza alkateak geroago azaldu zuenez, itsas kiroldegiko lanketa bere osotasunean ekin arte–, eta beste hiru geratu zaizkiela hasi gabe. "Datu oso ona" izanda ere, Iribarren esanetan, irakaspenak ere atera dituztela esanaz jarraitu zuen, "eta etorkizunean ekimen gehiago proposatu eta egitea da helburua".
Jarraian, Iñaki Ostolaza alkateak eta Maider Alberdi Zumaiako Udaleko Berdintasun, Gazteria, Aniztasun eta Parte hartze zinegotziak arloz arlo xehetu zituzten agintaldian zehar egindako lanak, eta planari dagokion betetze maila. Egindakoez gain, egiteko asmoa duten zenbait proiekturen berri ere eman zuten. Oikia eta Zumaia lotuko duten bidegorria, edo Estazio auzuneko sarrera hiritartzeko martxoaren amaieran hasiko diren lanak, esaterako. "Ez gara konformistak; anbizioa dugu eta gehiagoren bila goaz", esanaz amaitu zuen alkateak ekitaldia.
Proiektu bakoitzaren egoera zein den jasotzen duen liburuxka bat ere banatu zuten ekitaldian. Hemen ikus daiteke.