GUTUNA

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna: Emakumeak Gora!?

Leire Divasson eta Leire Makazaga 2023ko mar. 3a, 16:00

Urola Kostako Itaiako kide Leire Divasson eta Leire Makazaga. (utzitakoa)

Urola Kostako Itaia, Emakumeon antolakunde sozialistak, ondorengo gutuna helarazi diote Baleikeri, datorren asteazkeneko Martxoaren 8aren harira. Leire Divasson eta Leire Makazaga kideak dira sinatzaileak.

Hamarkadak daramatzagu martxoaren 8an kaleak aldarrikapenez betetzen. Eta aurten ez da bestela izango; jada hasi dira kanpainak eta agitazioa; enpresak, instituzioak, eragile sozialak, alderdi politikoak... nor bere lema eta aldarriekin.

Egia esanda, eguna markatu zen garaietatik egon da eztabaida. Baina ezin ahaztu zerk ekarri zuen Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren sorrera. Kapitalismoaren hastapenetan, langile klasearen baitan are esplotazio basatiagoa jasaten zutela eta egoerari aurre egiteko tresna politikorik ez zutela ohartuta, emakume langileek antolatu eta bitarteko politiko propioak sortzeari ekin zioten. Miseriara kondenatzen zituen sistemaren aurka, emakume proletarioen borroka hauspotzeko urrats taktiko gisa markatu zuten egun hau. Jakingo balute gaur egun nola desitxuratu den!

Aurtengo kanpainan, Emakundek, emakumeak gora! leloa hartuta, dio emakume gehiago behar direla erabaki-postuetan, eta hori oztopatzen duten faktoreak azpimarratu dituzte. Baina horrek islatzen ote du gure zapalkuntza? Krisi-testuinguru betean, langileria osoaren lan- eta bizi-baldintzak okertzen ari diren honetan, emakumeak botere-postuetara iristea ote da gure helburua?

Urte luzeetako borrokaren ondorioz, hobekuntza batzuk egon izan badira ere, emakume langileok azpiratuta gaude oraindik: indarkeria matxista jasaten dugu, objektu sexual gisa saltzen gaituzte, lan-banaketa sexualak sektore feminizatuen sorrera ahalbidetu du eta gure lan-indarra debaluatu, ez dugu aitortza politikorik... Gaur egungo burgesia, duela mende batekoa bezala, gu esplotatuz aberasten da.

"Emakumeak gora!" diote, ospatzeko zerbait bagenu bezala, denok berdinak bagina bezala. Itxuraz guztion batasuna islatzen badute ere, benetan, emakume langileon egoera ezkutatu eta gure tresna propioak sortzea galarazten digute. Zertarako nahi ditugu emakumeak botere-postuetan? Zer dira bada, botere-postu horiek, ez badira burgesiaren interesak defendatzeko organoak? Esplotazioaren bitartez funtzionatzen duen kapitalismoaren antolaketa bera?

Gure leloa ez da emakumeak gora!, ez. Ez baitago ezer ospatzeko sistema honek esleitzen digun paperean. Ez dugu borrokatzen kapitalaren egitura politiko-ekonomikoak betikotu eta geureganatzeko. Zerbait goratzekotan, emakume langileok kalitatezko lan- eta bizi-baldintzak bermatuko dituen gizartea eraikitzeko bidean egiten dugun borroka goratuko dugu. Klaserik gabeko gizarte bat eraikitzeko antolatuko gara, aberastasuna eta baliabideak denon eskura egon daitezen. Ongizate unibertsala bermatzeko antolatuko den gizarte-eredu baten alde egingo dugu borroka, hori izango baita zapalkuntzarik ez egoteko berme bakarra.

Oraindik lan asko dago egiteko gure askapenera bidean; beraz, oraindik ere, beharrezkoa zaigu gure borroka hauspotzeko egun hau, jaiotzatik emakume langileon borrokari lotuta egon dena. Berreskura dezagun egunari sorreratik eman zitzaion zentzua, antolakuntza indartzeko tresna izan dadin martxoaren 8a.

Martxoaren 8an, batu mobilizaziora: 18:30etan, Udaletxe plazan.

EMAKUME LANGILEOK ASKATZEKO, SOZIALISMOA ERAIKI!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide