Aberritik kanporatu duten herrialde baten erretratua egin du Taleb Alisalemek

Jabi Gonzalez Toston 2023ko martxoaren 3a

Taleb Alisalem eta Samuel Ruiz, Darahliko koordinatzailea, osteguneko hitzaldian. (Jabi Gonzalez Toston)

Taleb Alisalem aktibista sahararra Zumaian izan zen atzo Darahli elkarteak gonbidatuta. Hitzaldia eskaini zuen Aita Mari zineman, eta Mendebaldeko Saharak pairatzen duen egoeraren erretratua eskaini zuen. 

Espainiaren kolonia izandako Mendebaldeko Sahara, Marokoren kontrolpean dago 1970eko hamarkadaz geroztik. Bada, han bizi duten egoera azaltzeko hitzaldia eskaini zuen atzo Aita Mari aretoan Taleb Alisalem aktibista saharrak, Darahli elkarteak gonbidatuta. Jende ugari bertaratu zen saioa entzutera.

Alisalemek Mendebaldeko Sahararen auzia testuinguru historikoaren barruan kokatu zuen lehenbizi, eta gaur egungo egoera kontatu zuen jarraian. Hala, azaldu zuen gerran daudela Marokorekin 2020. urtetik hona, bere esanetan, borroka baketsua "alferrikakoa" delako eta zerbait lortzeko indarrez borrokatu behar delako. 

Espainiako Gobernua eta Europar Batasuna ere jarri zituen bere kritiken jomugan. Espainiako Gobernuaren jarrera salatu zuen, batetik, bere momentuan ez zizkiolako kolonializatutako lurrak benetako jabeei itzuli eta, bestetik, 1970eko hamarkadan eremua bat-batean uztea erabaki zuenean bakarrik utzi zituelako bertako biztanleak. Horrez gain, Pedro Sanchezen gobernuak azken urtean egindako jarrera aldaketa ere gogor gaitzetsi zuen Marokorekin lerrokatu delakoan. 

Halaber, Nazioarteko herrialde aberatsak, Marokoren baimenarekin, Mendebaldeko Saharak duen aberastasuna ustiatzen ari direla ere salatu zuen Alisalemek. Zentzu horretan, Saharako lurren aberastasuna ere azaldu zuen, munduko fosfato erreserbarik handiena bertan dagoela gogoratu zuen, baita arrantzarako eremu onenetakoa ere. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide