Goizeko hamarrak oraindik jo gabe daudela bertaratu dira kazetaria eta argazkilaria Saskarate baserrira. Zaunka eginez, mesfidati, egin die harrera kateari lotuta dagoen txakurrak. Beste animalia, txikiagoa, Ana Alberdiren (Arroaerreka, 1973) oinen bueltan jolasean dabil; BALEIKEko kideei ongietorria ematera atera da Alberdi, eta minutu eskasera egin du bat Jose Ignacio Osak (Zumaia, 1971). Senar-emazteak Saskarate baserriko jabeak eta laborariak dira. Eguneko lehen eginbeharrak beteta, behiak gordetzen dituzten ukuilura joan dira beraien ofizioaz hitz egitera, ez da eta giro kanpoaldean: hego haize bortitzak kolpatzen ditu baserria eta inguruko zelaiak.
Zumaia eta Deba arteko mugan kokatzen da Saskarate baserria. Berez, Debako lurretan dago, baina mugan dauden beste baserri batzuekin gertatzen den bezala, pare bat kilometrotara dagoen Zumaian egiten dute bizimodua. Ondasun Higiezinen Gaineko Zergak Deban ordaintzen dituztela dio Osak; autoarena, berriz, Zumaian. Zaborren tasa Deban ordaintzen dute, baina medikuarengana Zumaiara joaten dira. "Behin Zumaiako udaltzainei deitu nien, begiratu zuten non gauden, eta ezin zutela etorri esan ziguten, hau Deba delako. Debakoei deitu eta galdetu ziguten 'baina, non dago hori?'. Esan ohi dudan bezala, inorena ez den lurrean gaude", kontatu du.
Lanbidea bakarrik ez, beraien bizitza osoa da baserria. "Baserria bizimodu bat da: bertan jaiotzen zara, bertan bizi zara eta lanbidea ere bada. Konturatzerako, baserriaren esklabo bihurtzen zara", iritzi dio Osak. "Hemen ez dago oporrik", gaineratu du. "Ezin duzu egun txar bat izan eta esan ez duzula lanik egingo. Lurra eta abereak bizirik daude, eta egun txarra izanda ere, zerbitzu minimoak egin behar dituzu: behiak jetzi, abereei jatekoa eman, hori dena egin beharra dago".
Oporrak ez hartzearena ez da hitz egiteko modu bat beren kasuan; inoiz ez du oporrik hartu bikoteak. Eztei bidaia izango zen azkena. "Orain umeak hasita daude eta hor aukera bat badugu, baina ez dakit adinagatik izango den, ohitura faltagatik, errutinagatik edo zergatik, baina ez dugu falta sumatu ere egiten", esan du Alberdik.
Errutina hitza atera da, eta beraien egun normal bat nolakoa den galdetu zaie. "Goizeko seietan jaiki, eta lehenbizi ukuiluko lanekin hasten gara. Behiak bildu ondoren, gosaldu egiten dugu, eta gero janaria prestatzen dugu ganaduarentzat. Behin hori egin eta gero, kanpoko lanekin hasten gara: belardiak zaindu, behien minda zabaldu, etab. Gero, ukuilua garbitzen dugu eta horien [behien] etzatokiak txukuntzen ditugu. Bazkariaren eta siestaren ondoren, udaberria bada, belarra moztu eta bolak egiten ditugu. Hala, 18:30ak arte-edo. Gero, behiak jetzi, eta egun argia luzea bada, kanpoko lanekin jarraitzen dugu. Horren ondoren, afaldu eta ohera", azaldu du senarrak.
Baratzea badute ere –"guretzat adina ematen du"–, esne salmenta da Saskarate baserriko diru iturri nagusia. "Gero, behiek esnea ekoizteari uzten diotenean, hiltegira eramaten ditugu, haragitarako". Elkarrizketa hau egiteko unean, 45 behi eta beste hainbat bigantxa dituzte baserrian. Bigantxek behi bihurtzeko bi urte behar dituztela dio Osak, eta horretarako ezinbestekoa dela elikadura ona izatea. "Elikadura aldetik, bigantxa bakoitza 1.800 euro kostatzen zaigu urtean. Txikitatik behi bihurtu arte mimatuta egon behar dute, janari onenarekin, egoera onenean. Eta behi bihurtutakoan, berdin. Zenbat eta egoera hobean egon, orduan eta esne gehiago emango dute".
Teknologia aspalditik sartu zuten baserrian: makinak erabiltzen dituzte behiak jezteko, baita elikagai kopurua kalkulatzeko ere. "Gaur egun baserritar gutxi gaude, eta teknologiarik ez balitz, ez zatekeen inor geratuko", esan du. "Idiak kendu eta lehen traktorea ekarri zutenean, nik 4 urte nituen. Hor hasi ginen teknologia sartzen baserrian", gaineratu du Osak. Azken 45 urteetan aldaketa handia izan dela azaldu du; lanak erraztu dizkiete, baina baita gastuak areagotu ere. "Horrek ekartzen du behi gehiago behar dituzula gastuak amortizatzeko, eta hor gurpil batean sartzen zara. Hala ere, galdera izango litzateke ea atzera egingo ote genukeen, teknologia kendu eta lehengo erara bueltatuko ote ginatekeen. Eta ez, ez…".
Teknologia sartzeak giza harremanetan eragina izan duela ere uste dute. "Teknologiak askatasun handiagoa eman beharko liguke, denbora libre gehiago izateko. Baina ez, ez da hala gertatzen. Lehen, eskuz egiten ziren lan horiek egiteko beste baserrietako edo auzoko jendeari laguntza eskatzen zitzaion. Hori dena galdu egin da".
Behi esnea Kaiku enpresari saltzen diote, eta bi egunean behin pasatzen da kamioia haren bila. Litroa 55 zentimotan saltzen dutela dio Osak, lehen baino 15 zentimo gehiagoan –40 zentimotan saltzen zuen orain gutxira arte–. "Espainiako datuen arabera, urtean 70 litro esne kontsumitzen da pertsonako. Litroko 10 edo 15 zentimo gehiago kobratzea kristoren aldea da guretzat; kontsumitzaile batentzat, aldiz, 7 euro urteko. Horrekin zer daukazu? Konbinatu bat taberna batean. Jendea konturatuko balitz esnea merezi duen prezioan erosita sektorea nola lagunduko lukeen…", damu da baserritarra.
Osa eta Alberdi ez dira oso optimistak lehen sektorea bizitzen ari den egoerarekin. "50 urterekin ez gaude beste inora joateko, baina atzetik datozen gazteek hau ikusten dute eta…", dio Osak. Erreleborik ikusten ote duten galdetuta, Jokinek hartu du hitza, bikoteak dituen hiru semeetatik zaharrenak: "Familiako tradizioa da, aiton-amonetatik gurasoetara pasatu dena, eta pena emango lidake hori galtzeak, baina egoera ekonomikoak ez du laguntzen". Enpresa ikasketak ari da ikasten Jokin.
"Pentsatu nahi dut honek buelta emango duela, baina agian berandu gabiltza", jarraitu du aitak. "Gero, kontuan hartu behar da, baita ere, ingurumena zaintzeko baserritarrok egiten dugun lana, mendiak eta larreak garbi mantenduz. Guk garbitzen ditugun hektareak udaletako lorezainek garbituko balituzte, dirutza kostatuko litzateke hori".
Sektoreak etorkizunik bat ote duen galdetuta, ez duela argirik ikusten dio. "Bada, ez dut ikusten. Hemendik bizi garenok Administraziotik laguntzak jasotzen ditugu, baina, bestalde, exijentziak izugarriak dira. Pasatu behar ditugun ikuskatze kopurua izugarria da; hilean lau ikuskapen pasatu behar izaten ditugu. Azkenean, ez da lan fisikoa bakarrik; beste horrek guztiak ere bete eta nekatzen gaitu". Nabari da gaiak gogaitu egiten duela. "Kaleko jendeak pentsa dezake baserritarrak ondo bizi garela, dirulaguntzak-eta jasotzen ditugulako. Dirulaguntzak jasotzen ditugu gure produktuei behar bezalako balioa ematen ez zaielako. Gu ez gara dirulaguntzak jasotzearen aldekoak", azpimarratu du Osak.
Jose Ignacio Osa
- Adina: 51 urte.
- Ikasketak: Oinarrizko Hezkuntza Orokorra.
- Lanbidea: Baserritarra.
- Baserritarra ez banintz… Makinista, hondeamakinekin-eta jarduteko.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… Olagarroetara joatea. Hori da aisialdirako dudan afizio bakarra.
Ana Alberdi
- Adina: 49 urte.
- Ikasketak: Oinarrizko Hezkuntza Orokorra.
- Lanbidea: Baserritarra.
- Baserritarra ez banintz… Sukaldaria izango nintzateke.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… Ibiltzera joatea, paseatzea.