Martxoaren 8a Emakume Langilearen Nazioarteko Egun ofiziala den arren, GKN enpresako langileek egunero egiten dute gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Bete dezagun berdintasunaren motxila lelopean aurkeztu eta sinatu dute gaur goizean 2022-2026 Berdintasun Plana. Horrez gain, 12:45ean GKN enpresan lan egiten duten emakumeen argazkia atera dute, eta 13:00etan emakumeen bazkaria egiteko bildu dira.
Malen Etxean emakume etorkinei laguntzeko egiten dute lan; emakumeen giza eskubideen alde borrokatzen dute eta nesken aurkako indarkeria eta bereizketa desagerrarazteko jarduten dute lanean. Hori dela eta, aurten GKN enpresarekin elkarlanean Zestoako etxe bat konpontzen hasi dira. Etxeak dituen kalteak konpontzeko GKN enpresako langileek dirulaguntzak eman dituzte eta horri esker eraikinari hainbat konponketa egitea lortu dute. Adibidez, lehio eta ate berriak jarri dituzte, horiek haizearekin ireki egiten baitziren. Sarraila eta eskutokia ere aldatu dizkiote sarrerako ateari, puskatuta baitzeuden. Horrez gain, etxea margotu eta altzari nahiz oheko arropa berria ere erosi dute.
Hala ere, etxeak oraindik badu zer hobetu. Sukalde osoa berritzeko dago, su berriak jarri behar dira eta iturri eta armairuak guztiz aldatu behar dira. Informazio gehiago lortu daiteke www.malenetxea.org webgunean.