Oihana Rodriguez: "Nire burua hobeto ordezkatuko zuen zerbait egiteko gogoa neukan"

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 12a, 08:30

Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea

Hitz batekin definitu beharko balitz Oihana Rodriguez (Zumaia, 1999) musikaria, hitz hori energia litzateke. Pasioz eta ilusioz mintzo da abiatu berri duen Akaleia bakarkako proiektuaz, eta abentura berrian metatu duen gogoak emaitza indartsua utzi berri du. Bere beste egitasmoetan –Marlik eta Neona taldeak– erakutsitakoarekin zerikusi gutxi du proiektu berriak. Eszenatokiak iraultzeko gosea dario Rodriguezi, publikoarekin konektatzekoa, mundua dantzan jartzekoa... Eroale elektrikoa da, eta hori berak ere badaki. Baina ez du hasi baino lehen amatatu nahi. Horregatik, urratsez urrats joan nahi du distiratzen musikagintzaren itsaso zabalean.

Elkarrizketa hau urtarrileko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Akaleia da zure bakarkako proiektuaren izena. Esanahi berezirik ba al dauka?

Mundu guztiak gauza bera galdetzen dit, baina ez dauka esanahirik. Proiektua abian jarri nuenean goitizen bat jarri nahi nion neure buruari, estetikoki erakargarria zen zerbait, eta Akaleia izena asmatu nuen, besterik gabe. Aukera ezberdinak eduki nituen kontuan, eta Interneten ere aritu nintzen arakatzen ea existitzen ote zen jakiteko. Gero, batek edo bestek esan dit hor nonbait ikusi duela, baina bada izen berezia, ezohikoa. Oso pertsonala da, nahiz eta esanahirik ez izan. Energia aldetik zeukan indarragatik gustatu zitzaidan. Jendeari galdetzen nion: "Zer iruditzen zaizu Akaleia?". Ingurukoei presentzia handikoa iruditu zitzaien, eta nolabait ere, bada eman nahi dudan itxura.

Lehen emaitza baduzu: Gizakia eta pertsona izeneko abestia.

Proiektuari ekin nionean garbi neukan lan luze bat egin nahi nuela etorkizunean, baina momentuz abesti bat grabatzea erabaki nuen. Zer-nolako harrera izango zuen ikusi nahi nuen, baina baita ni neu nola sentitzen nintzen probatu ere. Azken finean, nire bakarkako proiektua denez, pixka bat jendaurrean biluzten ari nintzen musikalki. Egia esan, gustura nago jaso dudan erantzunarekin, eta horrek indar gehiago eman dit aurrera jarraitzeko. Oraingoz, beste abesti bat grabatu dut, eta aurrera begira gehiago etorriko dira.

Zure lehen abestian azpimarra eginez, mezuari erreparatuz, aldarri feminista bat nabari da.

Egia esan, pozten nau iruzkin hori egiteak; izan ere, gogoa neukan alderdi hori jorratzeko. Hitzek ez dute ezer garbirik esaten, dena modu metaforikoan azalduta baitago, eta nork bere interpretazioa egin baitiezaioke. Baina abestiari hitzak idazten hasi nintzenean aldarrikapen bat zegoen atzean. Adibidez, askotan indarkeria matxistarekin edo bortxaketekin geure burua babesteko erasotzailea despertsonifikatu egiten dugu, tipo hau erotuta dago edo ez dago burutik ondo esanez, baina ikusi behar duguna da pertsonak direla eta kontziente direla egiten dutenaz. Beraz, metafora bidezko esaldiekin gai hori landu dut abestian, baina, era berean, gustuko dut jendeak ez jakitea zehatz zertaz ari naizen eta bere esperientziatik interpretazio askea egitea.

Orduan, zure hitzek badute mezu jakin bat, baina entzuleak beste ildo batzuetatik jo dezake?

Agian oraindik errespetua ematen dit pentsatzen ditudan gauzak zuzenean botatzeak, eta horregatik nahiago dut kamuflatuta esan. Horrek bide ematen dit adierazteko esan nahi dudana, baina erabat literalki izan gabe. Izan daiteke nik bakarrik uler dezakedana, eta beste inork ez. Norbaitek nik bezala hala ulertuz gero, bada, primeran!

Marlik eta Neona musika taldeetako kide gisa zinen ezaguna, baina zure proposamen berriak, lehen abesti horretan behintzat, ez du zerikusirik talde horietan egindakoarekin. Beste indar bat dauka, askoz ere dantzagarriagoa. Kañeroago zatoz.

Hala da, bai! Marlik eta Neona proiektuetatik pila bat ikasi dut, eta oso gustura nabil bi talde horietan, baina nik ikuspegi irekia dut, eta musikalki neure burua hobeto ordezkatuko lukeen zerbait egiteko gogoa neukan. Sortzerakoan libreago sentitu nahi nuen. Oraingoz ez dut mugarik jarri nahi estiloei dagokionez, edozein aldetik jo baitezaket. Kementsua izatea da nahi dudan gauza bakarra. Musika sortzen ari naizenean zuzenekoetan pentsatzen dut maiz, eta presentzia hori oholtza gainean transmititzen sentitzen naiz erosoen. Uste dut biek eskutik helduta joan behar dutela: beraz, kaña hori islatu nahi dut nire musikarekin.

Kontzertu batean ikusi nahiko zenukeena egiten saiatzen zara, hortaz?

Hori da. Kontzertuetara joaten naizenean orain, lehen lerroan jartzen naiz guztia sentitzeko, nahiz eta badakidan ez dela horren ongi entzungo. Izugarrizko balioa ematen diot musikariari; nola aritzen den oholtza gainean, publiko guztia begira ari zaion bitartean. Zuzeneko bat ez da musikal bat bakarrik, ikuskizun bat ere bada. Nik arreta handia jartzen dut musikariek taula gainean ematen duten guztiari, eta haien modu berean transmititu nahiko nuke nik ere emanaldiekin hasten garenean.

Horretarako mugimendua ezinbestekoa da, eta zuk keytarra jotzen duzu, gitarra formako teklatu berezia.

Dream Theater oso kutuna dudan taldea da, musikalki asko baloratzen dudana, eta haiek zuzenean ikustera joan nintzen lehen aldian txundituta geratu nintzen teklatu-jotzailearekin. Keytarrarekin eszenatokian batetik bestera ibiltzen zela konturatu nintzen, eta nik ere horrelako zerbait nahi nuela konturatu nintzen. Taula gainean ibiltzeko askatasun hori behar nuen, hain zuzen ere. Teklatu atzean ere eroso sentitzen nintzen arren, erosi egin nuen musika tresna berezi hori, eta sekulako erabilera ematen ari natzaio. Argi neukan eduki nahi nuela, eta nire bereizgarri bat izaten ari da.

Baina tresna hori ez da berria izatez. 1980ko hamarkadan synthpop talde askok erabili zuten, baita heavy edo rock gogorreko hainbat taldek ere. Zure musikak badu musika elektronikotik eta rock gogorretik, baina gaur egunera ekarrita.

Edozein belaunalditako eta estilotako erreferentziak ditudala esango nuke, eta musika sortzerakoan inkontzienteki agertzen dira. Hala eta guztiz ere, konposatzerako garaian gaur egungo moldeetan eta ikuspegietan aritzeari berebiziko garrantzia ematen diot. Azken finean, errealitate bat dago gaur egungo panoraman, eta jendeak zuk egiten duzuna entzutea nahi baduzu, ez dut esaten zeure burua saldu behar duzula, baina bai arreta jarri behar duzula egun nola egiten den eta zer musika ekoizten den. Dinamika horretan murgiltzea komeni da.

Hori lortzeko Ozen estudioan aritu zara grabatzen Jurgi Taboadarekin. Nolako esperientzia izan da?

Izugarria. Nire bakarkako lehen abestia zenez, azken erabakia nirea izan da. Jurgirekin aurretik ere banuen adiskidetasuna, Marlik eta Neona taldeekin egindako lanak ere berekin grabatu baikenituen. Esperientzia ezin hobea izan da, lan egiteko orduan konfiantza eta errespetua lehenesten ditudalako. Asko eskertu dut musikari naizen aldetik Jurgik nigan jarri duen konfiantza: nik proposatu izan ditudan gauza batzuek hasieran zentzu handirik ez zutela iruditu baldin bazaio ere, kasu egin, probatu, eta arrazoia eman dit. Hori asko estimatu diot. Zenbait tokitan, halako konfiantzarik ez baduzu, zure nahiei uko egiten bukatzen duzu. Aitzitik, hemen libre sentitu naiz nahi nuen guztia egiteko.

Abesti gehiago grabatu al dituzue?

Abesti bat gehiago grabatu dugu, eta otsaila aldera aterako da. Ez nuke spoilerrik egin nahi, baina... Etorkizun batean nire musika organikoagoa izatea nahiko nukeen arren, hurrengo abestia aurrenekoa baino elektronikoagoa izango da. Gitarra elektrikoaren eta bateriaren horrenbesteko presentziarik ez badago ere, besteak baino energia gehiago duela uste dut.

Epe luzera begira, iraupen luzeko disko bat argitaratzeko asmorik ba al duzu?

Aurreneko abestian Ixak Arrutiren laguntza izan dut gitarrak eta bateria grabatzeko, eta bigarrenean, berriz, instrumentazio guztia nik bakarrik egin dut. Laster, ordea, talde formatuan entseatzen eta kantu berriak sortzen hasiko naiz; jende multzo bat badut proiektuan parte hartu nahi duena. Hurrengo kantak jada musikari gehiagorekin grabatuko ditut, gehiago landuta, eta nire asmoa da 2023an zehar lan luze bat grabatzea eta, denbora emango balit, Durangoko Azokarako kaleratzea, bestela 2024rako. Bitartean, pare bat single ateratzen baditut ere, ongi. 

Eta diskoarekin batera zuzenekoak ematen hasi?

Ez dakit diskoa atera baino lehenago kontzerturen bat emango dugun ala ez, komeni ote zaigun edo... Baina diskoa argitaratu bezain pronto nahiko nuke zuzenekoak eskaintzen hasi, bai.

Akaleiak bigarren planoan utziko al lituzke Neona eta Marlik?

Nik uste dut bateragarriak direla. Jakina, nire proiektuari lotutako proposamen bat aterako balitzaidake, nire buruari emango nioke lehentasuna. Azken finean, oraintxe bertan ilusio handiz lantzen ari naizen proiektua da. Edonola ere, ez dut inolako asmorik Marlik eta Neona taldeak bigarren planoan uzteko. Gainera, oso gustura nabil pertsona horiekin musika egiten, eta niretzat aberasgarria da beste estilo batzuk lantzea jende ezberdinarekin. Etorkizun batean ez dakit zer gertatuko den, baina, oraingoz, zeharo bateragarriak iruditzen zaizkit.

Nola ikusten duzu Akaleia egungo euskal musikagintzaren barruan?

Nik uste dut ongi txertatu daitekeela Euskal Herriko musika industriaren esparruan. Belarri irekiak dituztenei, behintzat, gustagarria egingo zaie. Batzuek lehen abestia entzun ondoren esan didate "berezia" dela, baina nik ez dut uste zerbait berria egiten ari naizenik. Ongi funtzionatu dezakeela pentsatzen dut, baina ez naiz espektatiba handirik egitearen zale, horrek gerora desengainurako arriskua baitakar. Nahiago dut bidea egiten joan ahala sortzen diren espektatiba txikiekin jokatu, orain bezala, eta pausoz pauso joan, gehiegikeriarik amestu gabe.

Eta abiarazi duzun bakarkako bide horretan, ba al du tokirik musika klasikoak?

Nire ikasketa akademikoa musika klasikoan oinarrituta dago, eta, egia esan, bihotzean daramat. Segur aski, modu inkontzientean eragingo dit musika sortzeko garaian ere. Izan ere, nire bizitzan marka utzi du. Gaztetan, musika klasikoko kontzertuak ematen nituen, eta libre sentitzen nintzen, nahiz eta abesti haiek ez izan nireak. Baina aske nintzen nahi nuen moduan jotzeko eta interpretatzeko. Bakarkako bide honetara itzuli naiz honetan, eta agian ez gaztetako modu berean, ezta musikalki ere, baina askatasun sentipen hori berreskuratu dudala esango nuke.

Zein dira zure egungo erreferenteak?

Lehen esan bezala, nik uste dut erreferenteak oso inkontzienteak direla. Euskal Herri mailan, Su Ta Gar taldeak asko eragin dit musikalki, nahiz eta heavy klasikoago bat egin. Nazioartean, Dream Theater. Ekoizpenari dagokionez, bestalde, gaur egungo gauza modernoetan erreparatzen ari naiz. Adibidez, Miley Cyrus-en disko batek ez nau erakartzen horrenbeste musikalki, baina ekoizpenari arreta jartzen diot: nola daude ahotsak grabatuta, bateriak nolako soinua du, koruak nola sartu dituzte... Horrelako xehetasunei jartzen naiz adi, eta batez ere, top diren egungo nazioarteko emakume artisten lanei: Miley Cyrus, Demi Lovato... Bereizi egiten ditut musikalki interesatzen zaidana eta ekoizpen alorrean interesatzen zaidana, eta bien arteko uztarketa egiten dut.

Orduan, orain falta dena da Akaleia erreferente bihurtzea?

Nik ez dut espero inorentzat erreferente izaterik, baizik eta jende multzo bat eroso eta identifikatuta sentitzea nire musikarekin. Espektatibarik gabe, baina gogo eta ilusio askorekin. Nik uste dut askotan espektatibak eta gogoak nahastu egiten direla. Izan ere, ni gogor ari naiz lanean, inbertsio handi bat egiten nire ametsa aurrera ateratzeko, eta jendeak esaten dit kontuz ibiltzeko, desengainua eraman dezakedalako. Ados, baina ez badiot gogorik eta denborarik eskaintzen proiektu honi, ez da ezertxo ere aterako. Erreferente izango den ala ez, batek daki, baina ilusiorik ez zait falta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide