Cristian Matias Albizu: "Panpin bakoitzari bere berezitasuna eman behar zaio. Pentsatu behar da oso pertsonalak direla"

Juan Luis Romatet 2023ko martxoaren 11

Cristian Matiaz Albizu, berak pertsonalizatutako panpin batzuekin. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zumaian jaioa 1980. urtean, Cristian Matiasek Administraritza ikasi zuen Donostian. “Praktikak Zumaiako Kirol Portuan egin nituen, eta handik gutxira, 2004 edo 2005 izango zen, Donostiako FNAC zabaldu zutenean kutxazain lanetan aritu nintzen. Hango lehen kutxazaina izango nintzen; nik ireki nuen denda!”, dio umoretsu. Orain administratzaile lanak egiten ditu Donostiako enpresa batean, baina elkarrizketa bere zaletasun baten inguruan izango da.

Elkarrizketa hau urtarrileko Baleike aldizkarian argitaratu zen. 

Funko izeneko panpinak pertsonalizatzen dituzu. Zenbatek esan dizute hori oso frikia dela?

Askok! Eta beste batzuek pentsatzen dute enpresarentzat egiten dudala lan. Baina ez, hau nik dudan zaletasun txiki bat da. Txikitatik datorren zerbait da. Inoiz ez nintzen konforme geratzen oparitzen zizkidaten jostailuekin. Ez, behintzat, etortzen ziren bezala; sormen puntu hori nuen. Gogoratzen dituzu garai batean izaten ziren indioen eta bakeroen figura txiki haiek? Oso kutreak ziren; zaldiek ere oso hanka txikiak zituzten eta ez ziren zutik mantentzen. Bada, amari zapata kaxak kentzen nizkion eta haiekin saloonak [tabernak], sheriffaren komisariak, etab. margotzen nituen, eta nik uste hortik datorkidala zaletasun hau. 

Nola hasi zinen panpina hauekin lanean?

Hasi, hasi, nahi gabe hasi nintzen. Madrilen lagun batzuk ditugu taberna bat dutena, Moloko. Madrilera joaten garen bakoitzean taberna hartara joaten gara, eta oso gustura egoten gara haiekin. Harremana egin genuen, eta egin nituen lehenengo panpinak tabernako lagun haientzat izan ziren. Tabernan bertan jarri zituzten, mundu guztiaren aurrean. Madrilen kontzertu pila izaten da, eta musikari asko taberna hartara joaten dira. Tabernako lagun honek animatu ninduen musikari horien antzeko panpinak egitera. Hala, pixkanaka hasi nintzen eta dagoeneko egin ditut Los Planetas taldeko Erik Jimenez bateria jotzailearena, Viva Suecia taldeko bi kiderenak, Sidonie taldeko hiru kideenak, La habitacion rojako beste bi kiderenak, Paco Neumanena… Gero, kuadrillako lagun askorenak ere egin ditut, eta ezkondu ziren lagun batzuei ere bakoitzari bana egin nien. Tartaren gainean jarri zituzten.

Orain gutxi Radio 3 irrati kateko Angel Carmonari panpina bat egin diozu, baita Madrilera joan eta berari eman. Nolako erreakzioa izaten dute panpina ikusitakoan?

Jende askok haluzinatu egiten du. Angel Carmonaren irratsaioan egon ginen eta hasieran pentsatzen zuen jateko zerbait izango zela. Oparitarako papera kendu eta ikusi zuenean flipatu egin zuen; kristoren besarkada eman zidan. 

Pertsona horien panpinak egiteko orduan zailena haien pertsonalitatea islatzea izango da.

Bakoitzari bere berezitasuna eman behar zaio. Pentsatu behar da oso pertsonalak direla. Bat realzalea bada, Realaren kamisetarekin egingo dut; belarritakoa badarama, betaurrekoak badaramatza, hori guztia panpinak eraman behar du; bestela, galdu egingo da.

Noiz hasi zinen zaletasun honekin?

Pandemia baino zertxobait lehenago hasiko nintzen, eta oraindik ere jarraitzen dut, ez, agian, lehen bezainbeste. Honek denbora eskatzen du. Pentsa daiteke zerbait erraza dela, baina honen atzean lan handia dago. Lehenbizi, pentsatu behar duzu nola egingo duzun. Gero, Interneten begiratzen dut ea zer nolako panpinak dauden, eta zeinek duen egin nahi dudanaren antzik handiena, eta harekin jartzen naiz lanean.  

Ez al daude oinarrizko panpina batzuk horien gainean lan egiteko?

Egon, egon, badaude, baina oso forma arraroa dute, oso sinplea, eta ez zaizkit gustatzen. Aparte, agortu egin dira eta geratzen direnak oso garesti daude. Nahiago dut erositako panpina bati burua kendu, beste baten gorputza erabili, moldeatu… Ur berotan sartzen ditut plastikoa moldatzeko eta besoak-eta mugitzeko; gero, lehortzean, forma hartzen du eta horrela geratzen da. Masilla zuri bat ere erabiltzen dut, eta harekin ilea edota arropak egiten ditut. Amaitutakoan, margotu egiten ditut, eta hori dena bukatutakoan, kaxarekin hasten naiz. Photoshopeko eredu bat eginda daukat, eta argazkiekin-eta diseinua egiten dut. 

Enkarguz panpinarik egiten al duzu?

Ez, ez, nik ez ditut panpina hauek saltzen, beti oparitu egiten ditut. Argazkiak Instagramen zintzilikatzen ditut, eta batek edo bestek idatzi izan dit panpinaren bat edo beste egiteko. Erantzuna beti bera da: ni ez naiz honetara dedikatzen, ez da nire ofizioa, eta ez naiz nire denbora librean panpina hauek egiten arituko. Nahiago dut kaña bat hartzen egon, lagunekin ibili, kontzertu batera joan… 

Zure arrebak pintura lantzen du, zuen aitak eskulturak egiten ditu… Familian baduzue arterako zaletasuna.

Etxean badugu zerbait. Arreba, Nerea, koadroak-eta margotzen ibiltzen da, eta orain gutxi Malagako hotel baterako koadroak egin ditu; aita, berriz, Miguel Angel, jubilatuta dago, eta harraldean aurkitzen dituen harriekin egiten ditu eskulturak, alanbreak-eta erabilita.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide