Beñat Sainzek lasterketa ona burutu du gaur Zarautzen

Onintza Lete Arrieta 2023ko mar. 18a, 13:45

32. Zarauztarra Saria jokatu dute gaur 152 kadetek, eta bigarren egin du Viveros San Anton-Mardu taldeko txirrindulariak. Mendiko saria ere berak jaso du.

Kadete mailako txirrindularitza lasterketa jokatu dute gaur goiz-eguerdi partean Zarautzen, Zarauztarra Txirrindulari Elkarteak antolatuta. 32. Zarauztarra Saria izan da, eta Viveros San Anton-Mardu taldeko Beñat Sainzek esku-eskura izan du garaipena. Azkenean, Quesos Albeniz taldeko Ekain Imazek hartu dio aurrea, eta bigarren postuan gelditu da Sainz. Dena den, berarentzat izan da mendiko saria. Podiumeko hirugarren tokia, berriz, Zatika Goierri taldeko Ekain Lizeagarentzat izan da.

Zarauztar onenaren saria Lucas Blancok jaso du, eta talde onenarena, azkenik, Zatika Goierrik.

152 txirrindularik hasi dute lasterketa, baina gutxiagok amaitu, "eroriko asko" izan baitira lasterketan zehar, Leire Arana Zarauzko Udaleko Kirol zinegotziak hedabide honi azaldu dionez. Irteeran bertan erori dira txirrindulari batzuk, eta beste batzuk, berriz, Aizarnazabaldik Muniosoroko bidegurutzera bidean. Zaurituak egon dira han, eta bi anbulantzik bertan artatu dituzte hainbat txirrindulari. Azkenean guztia susto handi batean gelditu dela kontatu du zinegotziak.

Lasterketa irabazi ez arren, Beñat Sainzek proba bikaina egin duela ere nabarmendu du Aranak; berarentzat izan da mendiko saria ere. "Dezente ibili da erasoan, baina azkenean, Meagatik behera harrapatu egin du Ekain Imazek, eta harentzat izan da garaipena".

Hemen dago ikusgai sailkapen osoa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide