Zumaiarren doinuak

Javi Mantecaren doinuak

Erredakzioa 2023ko api. 19a, 09:00

Gurrutxaga plazako kioskoan gozokiak eta izozkiak saltzen egoten delako ezagutzen dute zumaiar eta bisitari askok Javi Manteca. Baina askok jakingo ez dutena da musikazale porrokatua ere badela. Gogoko dituen bost abesti aukeratu ditu atal honetarako. 

1. King Crimson – Epitaph

Jose Angel Rodriguezek La Voz de Guipuzcoa irrati katean zuen irratsaioa entzuten ari nintzen batean –gero hitzaldi bat eman zuen hemen, Forondan– esan zuen King Crimson taldeak disko bikoitz bat atera zuela, bilduma moduko bat, eta gutunak bidaltzen zituzten guztien artean diskoa zozkatuko zuela. Nik ordurako ezagutzen nuen King Crimsonen musika, abesti solteak baziren ere. Bidali nuen gutuna, eta diskoa oparitu zidan, baita irratsaioan irakurri ere. Hortik aurrera engantxatu nintzen taldearen musikara, eta oraindik ere oso gustokoa dut.

2. Lito Vitale Cuarteto – Ese amigo del alma

Raulekin-eta entzuten nuen talde argentinarra. New age moduko musika jotzen zuen; musika erlaxagarria zen, baina oso ondo egina. Une hartan musika mota horrek engantxatu gintuen.

3. U2 – New year's day

Zumaiara heldu zen taldearen lehenengoetakoa diskoa izango zen (War). Aipatu dudan irratsaioan jartzen zuten disko hori, baita aurretik atera zituztenak ere –disko haiek ez zituzten hemen atera eta Hendaiara joan nintzen haiek erostera–. Orain, agian, taldea nahiko pisutsua bihurtu da, baina garai hartan oso ondo zegoen, eta kateatu gintuen. Hasieran atera zituzten bospasei diskoak oso-oso onak dira. Mandiopeko DJ-ei uzten nien diskoa han jartzeko, bazekiten-eta nik banuela. Mandiopen oso musika ona jartzen zuten.

4. Belle and Sebastian – If you're feeling sinister

Entzuten nituen gauza askok eraman ninduten talde honetara. Arteari egiten zaion oda bat da. Pasada bat da album hau. Erlaxagarria da eta aldi berean oso zirraragarria. Azken aldian izan dudan aurkikuntza txiki bat, edo, hobe esanda, handia da. Hor zegoen, baina gauza batengatik edo besteagatik ez ninduen erakartzen, baina oraintxe bertan oso engantxatuta nauka. Oso talde interesgarria da. Esaten zuten azken aldiko diskoak ez zirela oso onak, baina azkeneko hau ere (Late developers) oso ondo dago; atera zituzten lehen diskoekin antzekotasuna badu.

5. The Waterboys – The pan within/Because the night

Because the night Bruce Springsteenek Patti Smithi eman zion abesti bat da. Abesti honetan asko maite dudan The Waterboys taldeak bertsioa egiten du, eta bere kanta zahar batekin nahasten du. Live adventures diskoan agetzen da. Disko horren bila nabil: CDan badago, baina biniloan nahi dut. The Waterboys garai hartako talde mitiko horietako bat da, The Cure, The Church edo Echo & The Bunnymen bezala. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide