‘Mucha Mierda’ bakarrizketa eta Neska* gazteen txokoa formakuntza eskainiko dituzte Zumaiako Emakumeon* Etxean aste honetan. Batetik, martxoaren 30ean, 19:00etan ‘Mucha Mierda’ bakarrizketa eskainiko du Raquel Torres aktoreak. Madrildarra da Torres jaiotzez, baina Extremaduran hazi da eta pandemiaren aurretik ‘stand up'-arekin probatzea erabaki zuen. ‘Mucha mierda’ komedia ikuskizuna da, eta protagonistak aktore modura bizitako guztia partekatzen du ikusleekin bertan, ikuspegi feminista eta umorea nahasiz. Komedia honen bitartez lan-munduan bizi izan dituen arazoez, kanon estetikoetara iristeko zailtasunez, sexuaz eta osasun mentalaz hausnartzen du, besteak beste. Bakarrizketa gazteleraz izango da.
Bestetik, Neska* gazteen txokoa formakuntza eskainiko dute martxoaren 31ean, arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Ikuspegi feministatik hainbat gai landuko dituzte eta saio guztietan dinamizatzaile bat egongo da. Formakuntza hau hamalau urtetik gorako neska* gazteei zuzendutakoa da, eta lehenengo saioko gaia ‘Maitasuna berpentsatzen’ izango da. Zer da maitasuna? Nor maitatzen dugu? Eta nola? Bikote harremanez, erlazio motez, maitasun erromantikoaz eta tratu onez mintzatuko dira bertan.