Datorren apirilarean 2an, igandea, Geoparkeak Arnoko hezeguneak ezagutzeko txangoa antolatu du. Joan den otsailaren 2an Hezeguneen Munduko Eguna izan zen, eta urtero lez, Geoparkeko hezeguneak hobeto ezagutzeko baliatuko dute eguna. Halaber, otsaila mendiko hezeguneetako bizidunak ezagutzeko garai desegokia da, eta horregatik irteera udaberrira atzeratu dute.
Hori horrela, tamaina ezberdinetako hezeguneak ikusiko dituzte txango honetan; hala nola, naturalak eta artifizialak, lehengoratuak eta ukitu gabekoak, kostaldean edo mendialdean kokatutakoak, iraunkorrak eta urtarokoak, sakonera handikoak eta azalekoak…
Padurak izan ohi dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko hezegunerik ezagunenak, baina horiez gain, mendian badira urmaelak, ganaduak edateko erabiltzen dituen putzuak, askak edo mendiko pistetako putzu-zuloak, eta horiek ere ikusteko aukera izango dute irteera honetan.
2023ko Hezeguneen Munduko Egunaren leloak “hezeguneak lehengoratzeko unea” dela aldarrikatzen du, eta horregatik, txangolariek Arno mendikateko Ormolako urmaela izango dute jomugan; duela urte batzuk Mutrikuko Udalak ganaduak erabiltzen zuen putzua egokitu, ingurua hesitu eta zuhaitz landaketak egin zituen bertan. Horri esker tokia guztiz naturalizatu da, eta gaur egun izaki bizidun asko daude bertan; anfibioak eta odonatuak, adibidez.
Apirilak 2, igandea, 10:00etan Mutrikuko Olazko aparkalekuan elkartuko dira parte-hartzaileak, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia saileko adituak lagunduta joango dira txangora. Irteera doakoa da, bi ordu inguru iraungo ditu, eta "oso luzea eta aldapatsua ez bada ere, komeni da sasoi minimoan egotea", antolatzaileek adierazi dutenez. Horrez aparte, goiz osoko irteera denez, ura eta jateko zerbait eramatea gomendatzen da, mendiko arropa eta zapata egokiaz gain.
Izena emateko epea zabalik dago eta horretarako Mutrikuko Turismo Bulegora deitu daiteke (943-60 33 78) edo nahiago duenak izen-emate orria bete dezake.