Flysch Kirol Elkarteak eskerrak eman nahi izan ditu urte hauetako ibilbideagatik

Intza Trula 2023ko apirilaren 1a

Azken ediziora arte Flysch Kirol Elkarteak antolatu du lasterketa, baina aldaketa batzuk tarteko, datorren ediziotik aurrera Zumaiako Udalak hartuko du ardura, eta horren aurrean Elkarteak eskerrak eman nahi izan ditu.

Zumaiako Flysch lasterketak hainbat aldaketa izango ditu 2023. urteko edizio honetatik aurrera, eta aldaketa horien harira Flysch Elkarteko kideek eskerrak eman nahi izan dituzte. Urteak daramatza Flysch lasterketak arrakasta izaten herrian, eta honek hainbat helburu zituen: Lehenengoa, mendiarekin lotutako kirol-proba bat egitea, mendia eta itsasoa lotuz. "Hamahiru edizio antolatu dira jada, pandemiarekin bertan behera utzi behar izan zen edizioa kontuan izanda, aurtengoa hamalaugarrena izango litzateke", azaldu dute elkarteek. Bigarrena, Zumaia munduan ezagutaraztea. Orain arteko antolatzaileen hitzetan, "azken bi urteetan Flysch Trail lasterketa Munduko Kopako proba izan da, eta mundu osoko parte-hartzaileak jaso ditu". Hirugarrena, Flyscharen garrantzia azaltzea ikuspuntu tekniko eta geologiko batetik. Horretarako urtero Flysch Kultural bat antolatu dutela azaldu dute kideek. Eta azkena, gizarte-erakundeei laguntza ekonomikoa ematea. "Aspanogi, Markelen Irria, SOS Himalaya, Atzegi eta Sarabastall elkarteak lagundu ditugu", aipatu dute Flysch Elkarteko kideek.

Elkarteak aditzera eman duenez, “2021. urtean erakundeko hainbat kidek nekea, adina, bertaratzeko zailtasun logistikoak eta beste arazo batzuk izan zituzten”. Hori dela eta, 2022ko amaieran udalarekin hitz egitea erabaki zuten, eta “probak Zumaian duen eragina ikusita, hemendik aurrera antolatzeko ardura Zumaiako Udalak izango du", Flysch Elkarteko kideek azaldu dutenez.

Halaber, “Genero Berdintasunaren eta karreran parte hartzen duten emakumeei laguntzeko leloari eusten jarraitu nahi dugu”, antolatzaileek aditzera eman dutenez. “Hori oso garrantzitsua da guretzat, eta beti defendatu dugu”.

Azkenik, Flysch Kirol Elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkio “urtero parte hartu duten boluntario guztiei; udalari, enpresei eta elkarte guztiei”. “Oso pozik gaude lasterketak aurrera jarraituko duela jakinda, proba herrian oso errotuta baitago; zorte onena opa diogu Zumaia Flycsh Traili”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide