Herriko argazkien erakusketa estreinatu du Angel Olabarriak

Sara Utrera - Intza Trula 2023ko apirilaren 2a

Angel Olabarria osteguneko erakusketaren irekieran (Sara Utrera).

Angel Olabarria (Azpeitia, 1962) duela zortzi urte t’erdi hasi zen Zumaian oinetakoak konpontzen dituen Agedita dendan lanean. Herrian zela aprobetxatuz, pixkanaka Zumaiako txoko ezberdinen argazkiak ateratzen hasi zen. Gaur egun Azpeitiako Argazki Elkarteko kidea da eta Zumaiako argazkiekin bilduma bat osatu eta erakusketa zabaldu du Oxford Aretoan.

Erakusketako argazki guztiak herriko txokoenak dira, noiz hasi zinen proiektuarekin?

Duela zortzi urte t’erdi hasi nintzen Zumaiako argazkiak ateratzen, Agedita dendan lanean hasi nintzenean.

Nola erabaki zenuen herriko argazkien bilduma bat osatzea?

2019an, argazki taldeko kideak 50 orrialdeko bilduma bana egiten hasi ginen ‘Hoffman’, antzekoa. Denak neurri eta tamaina berberekin, baina bakoitzak berea. Neuk nahasketa bat egin nuen; argazki batzuk Bilbokoak ziren, beste batzuk Nafarroakoak… eta dendako sarreran utzi nuen jendeari erakusteko. Zumaiarrak dendara etortzen ziren eta bilduma ikustean Zumaiako irudi gutxi zeudela esaten zidaten. Orduan, hurrengo urtean elkarteko kideek beste album bat egin behar genuenez, nik Zumaiako argazkiekin egitea erabaki nuen. Horrela hiru liburu osatzea lortu dut. Dendara Udaletxeko zinegotziak edo Miriam Romatet (kultura teknikaria) etortzen zenean, nik albuma erakusten nien. Esan zidaten altxor bat zela, eta ea prest egongo nintzatekeen erakusketa bat egiteko.

Nolakoak dira argazkiak?

Herriko txokoak eta herriko jendea agertzen den argazkiak dira, eta beraz, uste dut erakusketa polita dela herritarrentzat. Inguru desberdinetako eta garao desberdinetan ateratako argazkiak dira. 2018an elurra egin zueneko argazki batzuk daude, eta baita kanposantu inguruan urte eta garai ezberdinetan ateratako bi argazki, adibidez.

Zein urtetan eta non egindako argazkiak dira?

Denak 2015etik aurrera egindakoak dira, 45 lan inguru: Itsasargia, paisaiak, erretratuak, San Juan iturria, eliza, hondartza, gaueko argazkiak… Hiru autoerretratu ekarri ditut (Itzurunen argazkiak ateratzen horietako bat). Baita Zumaiako nire txoko gogokoenaren argazki dexente ere, Mari Kalekoak. Niretzat leku fotogenikoenetako bat da, filmetako itxura du. Argazki gehienak paisaiak dira, batzuk koloretan, beste batzuk zuri-beltzean. Dendaren aurretik pasatzen diren helduei ere argazki asko atera dizkiet, eta gehienak beren familiei eman dizkiet, baimena eskatuta. Baita inguruko dendetako dendetakoak ere; Sasian harategikoak, kaleko arrandegikoak, Foruen Plazakoak…

Sasiain harategiko pantailan ere badaude zure argazkiak.

Sasiain harategiko baskulak pantaila bat du, eta nik pendrive bat eman nien 300 argazki baino gehiagorekin, han ere jar zitzaten. Hara doan jendea harrituta geratzen da argazkiak ikustean.

Asko kostatu zitzaizun argazkiak aukeratzea?

Bai, noski. 300 argazki baino gehiago ditut eta ez nuen nahi denak gai berekoak izatea. Ez nuen nahi paisaien edo Flyscharen betiko argazki berak besterik ez izatea; txokoak beste era batera erakutsi nahi nituen. Jendeak hemengo argazkiak direla sentitzea nahi nuen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide