Bake epaile berria aukeratu du udaleko plenoak

Juan Luis Romatet 2023ko martxoaren 31

Martxoko ohiko plenoa egin zuten atzo arratsaldez. (Juan Luis Romatet)

Martxoko ohiko udal plenoa egin zen atzo arratsaldez udaletxeko bilkura aretoan. Beste gaien artean bake epaile berria aukeratu zuen batzarrak.

Ostegun arratsaldean egin zen udaletxeko pleno aretoan martxoko ohiko batzarra. Datozen lau urteetarako Zumaiako bake epailea aukeratzea zegoen eguneko gaien artean. 

Idazkariak azaldu zuenez, batzarrari dagokio bake epailea nor izango den aukeratzea. Bere momentuan deialdia egin ondoren, bi hautagai aurkeztu ziren, eta bi horien artean aukeraketa egin behar izan zuten zinegotziek. Baldintzak biek betetzen zituztela ondorioztatuta, batek, Agustin Zubimendi Martikorenak, aurretik postu horretan zuen esperientziagatik aukeratu zuten. Erabakia hamahiru zinegotziren aldeko botoekin onartu zen (EH Bilduren zortzi, EAJren lau eta PSE-EEren bat); EAJko Oier Kortak ez zuen botorik eman hautagaietako bat familiarteko zuzena delako.

Beraz, Agustin Zubimendi Martikorena izango da datozen lau urteetarako Zumaiako bake epailea. Bigarren hautagaia, Jurgi Esnal Zuloaga, berriz, ordezkoa izango da. 

Zumaiako Udalaren energia jarduketen plana ere onartu zuen atzoko batzarrak. Plan honek aurtendik 2030era arteko indarraldia izango du, eta, plenoan azaldu zenez, erreferentzia urtea 2018a definituko da. Iñaki Ostolazak jakitera eman zuenez, hiru izango dira baldintza nagusiak. Batetik, administrazio publiko bakoitzeko kontsumoa %35 murriztu beharra aipatutako oinarri-urtearekin alderatuta. Bestetik, energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazio nahikoak izan beharko dituzte eraikinek, kontsumoaren %32 hornitzeko. Amaitzeko, eraikinen %40ak B kalifikazioa izan beharko du. 

Energia jarduketen plana aho batez onartu zuten batzarrera bertaratutako zinegotziek (EH Bilduko zortzi, EAJko bost eta PSE-EEko bat).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide